AEA Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Ikerketaren Aldeko Eguna ospatuko dute igande honetan, Adela Gipuzkoa elkartearen ekimenez eta Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Bi urtetik behin antolatzen dute egitasmoa herrian, hainbat helbururekin: gaixotasunari aurre egiteko gastuak arintzeko dirua biltzea da garrantzitsuenetako bat, eta horrekin batera, AEAren inguruko kontzientziazioa erdigunera eramatea, herritarren artean zabalduz.
Bi helburu nagusi horiek kontuan izanda, egun osoko egitaraua prestatu du Adela Gipuzkoak. 11:00etatik aurrera, ekitaldi sorta izango da Lege Zaharren Enparantzan, bai gaixotasuna gertutik ezagutzeko bai ondo pasatzeko.
Juanjo Uria egitasmoko sustatzaileak eta Ana Mosquera AEA gaixotasuna duen zarauztarrak eman dute egitarauaren berri. Senar-emazteak dira biak, eta urteak daramatzate kausa honen alde borrokan, sentsibilizazio kanpainak eta igandekoa bezalako hitzorduak antolatzen, adibidez. "Urtetik urtera arrakasta handiagoa" duen tonbola aipatu dute lehenik eta behin Uriak eta Mosquerak. Euro batean erosi ahal izango da zozketan parte hartzeko txartel bakoitza, eta hamaika opari lortzeko aukera izango bertan: esaterako, 600 euroko balioa duen bazkari edo afaria, bizikletak, irratiak, Athleticeko eta ZAEko elastikoak, Erik Balentziagaren zein Ainhoa Muruaren kamisetak, eta Mikel Landak, Joseba Belokik eta Miguel Indurainek sinatutako maillotak.
Orotara, ehun denda inguruk parte hartu dute egitasmoan, askotariko produktuak dohaintzan emanez. Azken edizioan zozketako sariak banatzeko orduan nahaste-borraste apur bat sortu zela eta, hori saiheste aldera hesiak jarriko dituzte aurten. Horrela, ilara bidez antolatuko dute banaketa, duela bi urte gertatutakoa errepika ez dadin.
Country tailerra
Eguna girotzeko eta musikaz zein dantzaz blaitzeko, erraldoien kalejira eta Dinbi Banda batukadaren emanaldia ere izango dira Lege Zaharren Enparantzan. Edizio bakoitzean antolatzen dituzte ikuskizunak, baina aurtengoan izango da berrikuntzarik: country dantza tailerra eskainiko dute plazan, bazkariaren aurretik. Irekia izango da, eta sustatzaileek herritar guztiak animatu dituzte bertara.
Halaber, jan-edanerako aukera ere egongo da. Bazkaria egingo dute eguerdian, 400 pertsonentzako paella, edaria eta postrea eskainiz, 10 euroan.
Igandean bildutako diru guztia Adela Gipuzkoa elkarteari bideratuko diote, AEA gaixotasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Izan ere, Uriak kontatu duen moduan, gaixotasunak sortzen dituen gastuak handiak dira. Duela bi urteko egitasmoan 12.000 euro eskuratu zituzten. "Ez da sekulako bilketa, baina gastuak arintzeko balio du", dio Uriak.
Zarauzko Udalak laguntza ekonomikoa emango dio Adela elkarteari. Jesus Arana Zarauzko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotziaren esanetan, udalarentzat "oso garrantzitsua" da horrelako ekimen batean parte hartzea, eta herritar guztiak ere gauza bera egitera animatu ditu.