San Joan bezpera 2025

Dantzan eta kantuan, sugarraren bueltan

Intza Trula 2025ko eka. 24a, 09:45

Ohiturari jarraituz, sua piztu zuten Mitxelenan San Joan bezperan. Aimar Sorazu eta Uxue Alkorta bertsolariek, Goizeko Ihintza txistulari taldeak, Montetxio koruak eta Jalgi dantza taldeak parte hartu zuten ekitaldian.

Herritar ugari bildu zen atzo ere suaren bueltan, San Joan bezpera ospatzeko. Urtero legez, Mitxelenako zabalgunean piztu zuten sua, eta dantzan eta abesten eman zioten ongietorria uda sasoiari.

Erlojua 22:00etara heltzen ari zela, suziria bota zuten Mitxelenan, eta zenbait bertso abestu zituzten Aimar Sorazuk eta Uxue Alkortak. Ordurako, haur zein heldu ugari bildu zen hesiaren atzean, ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko.

Bertsoen ondoren, Montetxio abesbatzako kideen txanda izan zen, eta Goizeko Ihintza taldeko txistulariek lagunduta zenbait kantu abestu zituzten. Une horretan sartu ziren Jalgi Dantza Taldeko kideak plazara; suaren bueltan kokatu ziren dantzariak, eta ikuskizuna eskaini zuten.

Aurretik, sardina jana egin zuten Zelai Ondon, Batukada Feministak girotuta, festei amaiera ofiziala emanaz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide