Gaur arratsaldean jokatu dute Aritzbatalde kiroldegiko frontoian Bi Harri Txapelketa. Iaz bezala, aurten ere etxean geratu da txapelketako garaikurra. Izan ere, iazko garaile berdinek irabazi dute bederatzigarren edizioa, Mikel Lopetegi Urrak eta Ainitze Zumetak, hain zuzen ere.
Emakumezkoen probak eman dio hasiera txapelketari, arratsaldeko 17:30ean. Bertan 68 kiloko Jai Txiki eta 64 kiloko Mollarri harriak altxa behar izan dituzte Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga zarauztarrek, Sara Jimenez de Aberasturi eta Eider Garcia Durana arabarrek eta Estefania Etxebeste iturendarrak. Hala, Zumeta nagusitu da proban, guztira 33 jasoaldirekin. Gesalaga, Osa eta Etxebeste, berriz, berdinduta geratu dira 30 jasoaldirekin.
Emakumezkoen proba amaitu bezain laister, gizonezkoenari eman diote hasiera. Bigarren txanda honetan 117 kiloko Jai Txiki eta 119 kiloko Mollarri harriak altxatu dituzte Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak, Paulo Azpiazu Zarauzko bizilagunak, Aimar Galarraga eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV. aiarrek, Gorka Etxeberria oriotarrak eta Iker Sojo gasteiztarrak. Iaz bezala, aurten ere Urrak eskuratu du garaipena, 31 jasoaldirekin. Bigarren postuan geratu da Azpiazu, baita 31 jasoaldirekin ere, eta hirugarren, berriz, Galarraga 20 jasoaldirekin.
Sailkapenak
Emakumeen sailkapena:
- Ainitze Zumeta: 33 jasoaldi (17 Jai Txiki eta 16 Mollarri).
- Maddi Gesalaga: 30 jasoaldi (15 Jai Txiki eta 15 Mollarri).
- Lierni Osa: 30 jasoaldi (15 Jai Txiki eta 15 Mollarri).
- Estefania Etxebeste: 30 jasoaldi (15 Jai Txiki eta 15 Mollarri).
- Sara Jimenez: 26 jasoaldi (13 Jai Txiki eta 13 Mollarri).
- Eider Garcia Durana: 23 jasoaldi (12 Jai Txiki eta 11 Mollarri).
Gizonen sailkapena:
- Mikel Lopetegi Urra: 31 jasoaldi (16 Jai Txiki eta 15 Mollarri).
- Paulo Azpiazu: 31 jasoaldi (16 Jai Txiki eta 15 Mollarri).
- Aimar Galarraga: 20 jasoaldi (10 Jai Txiki eta 10 Mollarri).
- Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a: 19 jasoaldi (10 Jai Txiki eta 9 Mollarri).
- Gorka Etxeberria: 17 jasoaldi (9 Jai Txiki eta 8 Mollarri).
- Iker Sojo: 14 jasoaldi (7 Jai Txiki eta 7 Mollarri).