Euskaraldia 2025

Iritsi da euskarari ahoa eta belarria eskaintzeko unea

Intza Trula 2025ko mai. 16a, 10:00

Atzo abiatu zuten euskararen aldeko ariketa soziala, Euskaraldia. Lege Zaharren Enparantzan bildu zen hainbat herritar, txapa janzte bateratua egiteko.

Festa giroan eta musikaren laguntzarekin ekin zioten atzo arratsaldean Euskaraldiari. Euskararen erabilera sustatzea helburu duen ariketa soziala maiatzaren 25era arte egongo da martxan, Elkar mugituz egingo dugu lelopean. Txapa janzte bateratua egiteko deiari erantzun zioten hainbat lagunek, eta Lege Zaharren Enparantzan bildu ziren atzo arratsaldean.

Motxian Etxebeltz Bertsoguneko bertsolariek eta Goizeko Ihintza Txistulariek izan zuten ekitaldiari hasiera emateko ardura. Oholtzara igota, Behin betiko abestia jo eta kantatu zuten bi taldeek elkarrekin, eta plazan bildu zirenek bat egin zuten abestiarekin, abesbatza zabal bat osatuz.

Ahobizi edota belarriprest txapak soinean zituzten ordurako herritarrek, eta kalejirei ekin zieten kaleetan barrena. Ondorengo taldeek eskaini zituzten kalejirak: Zarakatun Batukada Feministak, ZarautzTrik Trikitixa Elkarteak, Arranopola Gitarra Taldeak eta Goizeko Ihintza Txistulariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide