Giro ederrean jokatu dituzte hondartzako futbol txapelketako finalak

Maria Maya Manterola 2025ko mai. 10a, 16:00

Asti Pinturak eta Kebidek taldeak izan dira ligan irabazle. Kopan, Itxas Lur jatetxeak eta Latz Taberna azkoitiarrek erdietsi dute garaipena. Ateri eutsi dio eguraldiak goizean zehar, eta ikusmina nahiz giro ederra izan dira nagusi hondartzan.

Ateri eutsi dio eguraldiak goizean, eta jendetza gerturatu da Zarauzko hondartzara, 80. Hondartzako Futbol Txapelketako finalak bertatik bertara ikustera. Ikusmina eta giro ederra nagusitu da goizean goizetik, eta 9:00etarako hasi dituzte azken jardunaldiko partidak senior mailako gizonezkoek eta emakumezkoek nahiz eskola kiroleko ikasleek.

Ligan, Kebidek taldea eta Orbela taberna neurtu dira aurrez aurre, eta Kebidekek aise eskuratu du garaipena, markagailua 5 eta 1 utzita. Lehia estuagoa izan da senior mutiletan: Asti Pinturak eta Balearri-Astillero taldeak bana berdindu ondoren, penaltietan irabazi dute zarauztarrek liga.

Kosta Hortz Klinikaren eta Latz Tabernaren arteko norgehiagoka ere penaltietan erabaki da, launa berdindu ondoren. Azkoitiarrek erdietsi dute azkenean garaipena, eta gogotik ospatu dute, bainua hartu eta bandera horia astinduta. Emakumezkoetan, Itxas Lur jatetxeari eman diote kopa, Shelter-Pukasi 4 eta 0 irabazi ondoren.

Partidak amaitu bezain laster eman diote hasiera sari banaketa ekitaldiari, eta bertan izan dira Xabier Txurruka alkateaz eta Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziaz gain, Xabier Prieto futbol jokalari ohia eta Jose Angel Iribar entrenatzaile ohia ere.

Ikasleak ere bai

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako haurrak ere aritu dira eskola kiroleko finalak jokatzen. Besteak beste, Orokieta Herri Eskolako, La Salle Ikastetxeko, Salbatore Mitxelena Ikastolako, Orioko Herri Ikastolako, Zaragueta Herri Eskolako eta Lardizabal Herri Eskolako neskak eta mutilak aritu dira. Horiek otsailaren 1ean hasi zuten hondartzako futbol txapelketa, eta gaur amaitu, seniorrekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide