Gero eta gutxiago falta da Txaparrotan eskubaloi txapelketa jokatzeko. Uda sasoian ehunka lagun, haur zein heldu, eta dozenaka talde bilduko dira Zarauzko desertu txikian, lagun giroan, Zarautzen eskubaloiaren bueltan aritzen diren kideek antolatutako txapelketan parte hartzeko. Izen ematea datozen egunetan zabalduko dute txaparrotan.herokuapp.com webgunean.
Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketa ekainaren 28-29ko asteburuan jokatuko da, eta parte hartu nahi duten LH 3tik eta DBH 2ra bitarteko haurrek astelehenetik aurrera izango dute izena emateko aukera. 09:00etan zabalduko dute izen emate epea, eta datorren igandean itxi, maiatzaren 18an. Txapelketa jokatuko duen talde kopurua mugatua da. Horregatik, izena ematen duen talde kopurua baimendutakoa baino handiagoa bada, zozketa egingo dute epea itxi eta bi egunera.
Halaber, antolatzaileek ohartarazi dute taldeek ez dutela ordainketarik egin behar onartuak izan arte. Behin onartuta, bi eguneko epea izango dute 60 euroko diru sarrera egiteko. Horrez gain, jakinarazi dute zortzi partaidetik gorako taldeetan, jokalari gehigarri bakoitzeko 5 euro gehiago ordaindu beharko direla. Rural Kutxako kontu korronte honetan egin beharko dute ordainketa izena ematen dutenek: ES97 3008 0181 3545 1127 3924.
Haurren txapelketarako inskripzio epea itxi eta hurrengo egunean, maiatzaren 19an, zabalduko dute helduentzako izen ematea, 09:00etan. Helduek ere astebeteko epea izango dute izena emateko; hilaren 25era arte, alegia. Haurrek bezalaxe, taldea onartua izan ondoren egin beharko dute ordainketa aipatu kontu korrontean; zehazki, 65 euroko diru sarrera egin beharko dute. Helduen txaparrotan txapelketa uztailaren 5ean eta 6an jokatuko da.