Apartamentu turistikoen mozioa, aurrera

Juan Luis Romatet 2025ko api. 30a, 13:00

Erabilera turistikoko etxebizitzaren seinalea. (Juan Luis Romatet)

Atzoko bilkurako azken puntuan, apartamentu turistikoen inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozioa aztertu zuten.

Azken aldian herriko lokal komertzialetan muntatu dituzten apartamentu turistikoak arautzearen alde agertu zen koalizioa. Itziar Murua zinegotziaren arabera, Zarauzko kaleak, komertzialak baino, "logela kale" bihurtu dira. "Hori arautu beharra dago. Gaur egun, ez dago araudirik, eta beharrezkoa da hori egitea, izan HAPOren aldaketaren bidez, izan ordenantza baten bidez", adierazi zuen. Horrekin batera, araudi berria diseinatzen duten bitartean, apartamentu berriak zabaltzeko baimenik ez ematea ere eskatzen du mozioak.

Inaxio Illarramendik bere alderdiaren aldeko botoa iragarri zuen. Bere esanetan, jarduera ekonomiko hori arautu beharra dago. "Errealitate bat dugu Zarautzen eta da lokalak apartamentu turistiko bihurtzen ari direla, eta hori arautu beharra dago". Araudia egin bitartean baimenak etetea "logikoa" dela ere adierazi zuen zinegotzi sozialistak. "Moratoria bat jartzea ez da dramatikoa", nabarmendu zuen. Gaineratu zuen, baita ere, etxebizitzaren egoerari buruz aste batzuk barru abiatuko duten parte hartze prozesua eta araudi berria sortzea bateragarriak direla.

Garbiñe Oiarbidek hartu zuen hitza EAJren izenean. EH Bilduk erabilitako tonu "populista" eta "apokaliptikoa" salatu zituen. "Bi aste barru [Zarauzko etxebizitzaren egoerari buruzko azterketan oinarritutako] parte hartze prozesua zabalduko da, eta hori EH Bilduk badaki", esan zuen. Zarauzko kaleak "logela kale" bihurtu direla dioen esaldiarekin desados agertu zen Oiarbide. Onartu zuen merkataritza txikia ez dagoela egoera onenean, baina garbi utzi nahi izan zuen apartamentu turistiko horiek ez dutela merkaritzaren lekua hartu; "urte askoan hutsik zeuden lokaletan sortu dituzte". Apartamentu turistikoen "hazkunde nabarmenik" egon ez dela ere esan zuen zinegotzi jeltzaleak.

Azken adierazpen horri datuekin erantzun zion Muruak. Bere esanetan, urtebetean 79 apartamentu turistikotik 89ra pasatu da Zarautz. "Ia hilabetean hiruzpalau kontsulta egiten dira apartamentu turistikoak zabaltzeko", eman zuen jakitera. 

Mozioa EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko 11 botoekin onartu zuten; EAJk (10), bere aldetik, kontra bozkatu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide