Santa Klara komentuaren birgaitze proiektuaren inguruan jardutekoak ziren atzo egin zuten apirileko ohiko udalbatzarrean. Baina, azken orduko erabaki batean, gaia "mahai gainean" uzteko proposamena egin zuen Zarauzko udal gobernuak.
Astearteko osoko bilkurako bederatzigarren puntuan aztertuko zuten komentuaren birgaitzeko eta eraberritzeko obren exekuzio proiektua. Une horretan, Xabier Txurruka alkateak hitza hartu zuen. Esan zuen udalbatzarraren aurretik egindako batzordeetan "ikuspuntu desberdinak eta desadostasunak" izan direla udalean ordezkatutako alderdien artean, baina bazela adostasun bat: proiektua diseinatu duten arkitektuei egindako lana ordaintzea, alegia.
Une horretan, idazkariari zuzendu zitzaion Txurruka, eta galdetu zion ea noren eskumena den aipatu lanak ordaintzea. Idazkariaren esanetan, lan horiek eginda daude, arkitektoek proiektua aurkeztu zuten, eta ordaintzea komenigarria bada ere, "nahitaezkoa" ez zela esan zuen. Ordaintzearen eskumena alkatearena dela ere esan zuen, "ez udalbatzarrarena".
Hori entzunda, komentuaren birgaitzearen gaia "mahai gainean uztea" proposatu zuen alkateak, baita hori bozkatzera gonbidatu ere. Proposamena EAJren eta PSE-EEren aldeko 11 botoekin onartu zen. EH Bilduren hamar zinegotziak abstenitu egin ziren, baina haien aurpegietan garbi geratu zen azken mugimendu horrek sorpresaz hartu zituztela.
Prezio publikoen igoera
Zarauzko Udalak eskaintzen dituen zerbitzu batzuen prezioak igotzea ere aztertu zuten atzoko bilkuran. Iker Basurko EAJko zinegotziak aurkeztu zuen proposamena, eta neurri horrekin azken aldian izandako prezio igoerei erantzun nahi dietela adierazi zuen. "Defizit handia sortzen duten partidak egokitu behar dira", gaineratu zuen, eta informatu zuen hobari berri bat ere ezarriko dituztela ordenantzetan, hala nola, guraso bakarrei zuzendutakoa.
Proposamenaren alde bozkatu zuen alderdi sozialistak. Haren bozeramaile Inaxio Illarramendik azaldu zuen, salbuespen batzuk izan ezik, prezioak %4an igoko direla. "Neurri honen helburua ez da udalaren sarrerak igotzea, eskaintzen dituen zerbitzuak modu egokienean eskaintzea, eta gastuak estaltzea, baizik". "Sozialisten eskaerei erantzunez" ezarritako guraso bakarrentzako hobaria ere txalotu zuen. Proposamenak "errealitate sozial eta ekonomikoari" erantzun nahi diola ere esan zuen, eta etorkizunean igoeretan "progresibitatea" ezartzeko asmoa dutela ere esan zuen.
EH Bilduk prezio publikoen igoerari kontrako botoa eman zion. Ion Arozena zinegotziaren arabera, igoera "gehiegizkoa" da, eta KPIak izandako beherako joerarekin alderatu zuen. "Igoera %4koa da, baina salbuespen batzuk daude. Udalekuen prezioa, esaterako, %45 igoko da", esan zuen, eta eskainitako zerbitzua "interes publikokoa bada", defizitarioa izan daitekeela ere esan zuen. "Udalak ematen dituen zerbitzuak defizitarioak izatearen aldekoak gara", nabarmendu zuen.
Proposamena EAJ eta PSE-EEren aldeko hamabi botoekin onartu zen; EH Bilduren bederatzi zinegotziek, bere aldetik, kontra bozkatu zuten.
Lanpostu berriak
Ahobatez onartu zutena lanpostu berriak sortzearen proposamena izan zen. Hala, udaltzainen komisariorde plaza sortuko dute, Jesus Arana (EAJ) zinegotziak esan zuen bezala, "legeak hala behartzen gaituelako". Bi teknikari plaza –instalazioetako teknikari lanpostuari dagokiona bat eta bestea Ingurumen teknikari lanpostuari dagokiona– gehigo izatea ere adostu zuten, baita Orokieta Herri Eskolako bedel plaza bat gehiago sortzea ere, horretarako Brigadako plaza bat amortizatuz.