Alvaro Jimenezek eta Alazne Gomezek irabazi dute Euskadiko Halterofilia Txapelketa

Julene Sorarrain 2025ko mar. 23a, 17:00

Larunbat arratsaldean jokatu zuten Euskadiko Halterofilia Txapelketa Aritzbatalde kiroldegian. Zarautz Kirol Elkarteko Miren Galarragak eta Ane Grijalbak ere marka onak eskuratu zituzten bertan. 

Atzo arratsaldean jokatu zuten Euskadiko Halterofilia Txapelketa Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Bertan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako halterofilo onenak lehiatu ziren, tartean Zarautz Kirol Elkarteko Miren Galarraga eta Ane Grijalba.

Gizonen txandarekin hasi zuten lehia, eta bertan hamabost halterofilok hartu zuten parte. Bi orduko saioaren ostean, Alvaro Jimenez arabarrak lortu zuen garaipena, guztira 348 kilo altxata. Kristian Labaka gipuzkoarrarentzat izan zen bigarren postua, 336 kilo altxatu ondoren. Eta hirugarren postuan, aldiz, Jokin Ramos bizkaitarra geratu zen, guztira 313 kiloko markarekin. 

Emakumeen txanda, berriz, 18:00etan hasi zen, eta guztira 11 halterofilo lehiatu ziren. Podiuma hiru emakume bizkaitarrek osatu zuten: lehen postua Alazne Gomezek eskuratu zuen, guztira 240 kilo altxatu ostean; bigarren postua Maite Uriarterentzat izan zen, 213 kiloko markarekin; eta hirugarren postua, berriz, Andrea Fuentes eskuratu zuen, 211 kilo altxatu ondoren.  

Zarautz Kirol Elkarteko Miren Galarraga bosgarren postuan sailkatu zen, 199 kilo altxaturik, eta Ane Grijalbaren kasuan, bederatzigarren postuan geratu zen, 169 kiloko markarekin. 

Hori horrela, bizkaitarrek guztira 1421,432 kilo altxatu zituzten; gipuzkoarrek, aldiz, 1368,081 kilo; eta azkenik, arabarrek, 1366,510 kilo. 

Garaikurrak banatzeaz Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendi arduratu zen. Eta ekitaldiaren amaieran, Euskadiko Halterofilia Elkargoko idazkariari omenaldia egin zioten, azken 31 urteetan egindako lanagatik. 

Argazkiak: Julene Sorarrain eta utzitakoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide