Martxoaren 8a da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta urtero legez, ehunka zarauztarrek herriko kaleak more kolorez bete dituzte, baita aldarri feministak ozen oihukatu ere. Zarauzko Koordinadora Feministak deituta, Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak lelopean manifestazioa egin dute eguerdian, Lege Zaharren Enparantzan hasi eta amaituta.
Zarakatun batukadaren laguntza izan dute bide osoan zehar, eta Lege Zaharren Enparantzara heltzean performancea egin dute Morroxkak neska gazteen taldeko hiru kidek. Jarraian, herriko hainbat eragilek hartu dute hitza; hain justu ere, Morroxkak izan dira hitz egiten lehenak. "Krisi testuinguru honetan faxismoaren oldarraldiaren lekuko gara, eta, horregatik, garrantzitsua da feminismotik artikulatzea borroka antifaxista", esan dute. Halaber, "neska bollera eta transok borroka antifaxistako subjetu esanguratsutzat hartzea garrantzitsua" dela egin dute azpimarra. "Antifaxismoa feminista izango da edo ez da izango", egin dute oihu.
Etxeko lanetan aritzen diren emakumeek salatu dute "asko" direla lan feminizatuak egiten dabiltzanak. "Ozen gaitzetsi nahi ditugu, esaterako, erresidentzietako emakumeen, etxez etxeko zaintza lanak egiten dituztenen eta egoiliarren lan baldintzat", gehitu dute.
Emakume pentsiodunek, berriz, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareko diru sarrerak bermatzeko sinadura bilketa egiten ari direla gogorarazi nahi izan dute, eta herritarrak animatu dituzte parte hartzera. Halaber, emakume helduekiko "edozein indarkeria" gaitzetsi dute: "Zaharrak gara, eta, zer?". Horrez aparte, ekitaldia baliatu nahi izan dute duela gutxi zendu den sare feministako kide Marixabel omentzeko.
Agroekofeminismoko kolektiboko kideek salatu dutenez, "kapitalismoak bizitzeko oinarrizko elementu guztiak merkantilizatzen jarraitzen du; hala nola osasuna, hezkuntza, zaintza, etxebizitza eta elikadura". Gogoratu dute, "herritarren eta emakumeen bizitza duina bermatzeko ezinbestekoa dela gure bizitzekin negoziorik ez egitea". Hori horrela, "guztiontzat elikadura osasuntsu eta kalitatezko baterako eskubidea" aldarrikatu dute. Agroekofeminismokokideak unea baliatu nahi izan du Palestinari elkartasuna eta babesa adierazteko, "besteak beste, gosea baita herri bat erasotzeko modurik ankerrena".
Zarauzko Bilgune Feministako kideek ere Palestinar herrian gertatzen ari dena salatu dute, baita Marixabel gogora ekarri ere. Ekitaldia agurtzeko, ondorengoa esan dute: "Guk argi daukagu, faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feminista. Antifaxismoa feminismoa izango da edo ez da izango. Gora borroka feminista".
Arratsaldean gehiago
Bazkari feminista egin dute eguerdian Arranon, eta egunarekin jarraituz, Patiyoko Atzuen eskutik zuzeneko irratsaioa entzuteko aukera izan da Musika Plazan. Libe Eizagirrek eta Nora Muñoak egin dituzte esatari lanak; gonbidatuak, berriz, bertso eskolako kideak eta Queer batxata taldeko kideak izan dira.