Martxoaren 8ko aldarriek kaleak hartuko dituzte larunbatean

Intza Trula 2025ko mar. 4a, 10:30

Iazko Martxoak 8ko manifestazioko irudia. (Jabi Gonzalez Toston)

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Zarauzko Koordinadora Feministak egun osorako egitaraua prestatu du; Itaiak, berriz, larunbat iluntzean mobilizatzera deitu ditu herritarrak.

Beste urte batez, Martxoaren 8ko aldarriak ozen entzungo dira larunbatean Zarauzko kaleetan. Zarauzko Koordinadora Feministak eta Itaiak Emakumeen Nazioarteko Egunari lotutako ekitaldien berri eman dute: larunbat osorako egitaraua prestatu du lehenak, eta iluntzerako mobilizazioa deitu du bigarrenak.

Hori hala, Zarauzko Koordinadora Feministak manifestazioa egingo du larunbatean, 12:30ean, Lege Zaharren Enparantzatik hasita. Ondoren, 14:30ean, bazkari feminista egingo dute Arranon, eta 16:30ean Patiyoko Atzuen eskutik zuzeneko irratsaioa izango da Musika Plazan. 18:00etan, kalejira egingo dute Musika Plazatik hasita, eta 23:00etatik aurrera Pintxada Kolektiboa egingo dute Arranon, egunari amaiera emanaz.

Itaiak, berriz, Matxismoaren aurrean emakume langileok borrokara lelopean mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Larunbatean 19:00etan jarri dute hitzordua, Lege Zaharren Enparantzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide