Inauteriak 2025

Zarautz mozorrotuta dabil kaletik

Aritz Mutiozabal 2025ko mar. 1a, 15:00

Eguerdian bota du txupina Koxme baleak inauteriei hasiera emateko, eta herritarrak giro ederrean murgildu dira. Itsas hondoa irudikatu duen kuadrillak irabazi du aurtengo mozorro lehiaketa.

Mozorroen jaia ere lehertu da Zarautzen. Herritarrak Modelo aretoaren aurrean pilatu dira eguerdian,  Zigordia kalearen alde bietara, eta Kosme balea eraikineko balkoira noiz agertuko zain egon dira. Urteroko moduan, Kosmek botatzen du Inauteriei hasiera ematen dien txupina, eta aurten ere ez du hutsik egin. Eztandarekin abiatu da jaia, hasi da musika eta dantza, eta bertaratu direnei goxokiak bota dizkie gure protagonistak, bi buruhandi galtxagorriren laguntzarekin. Puxika erraldoiak ere ez dira falta izan hasierari izaera jostagarria emateko.

Muxixa txarangak girotuta, Musika Plazara abiatu dira jarraian guztiak, eta, orduan, erakutsi dituzte kuadrillek aurtengo inauterietarako prestatu dituzten diseinu preziatuak. Erakusleiho anitza, koloretsua eta, zalantzarik gabe, irudimen handikoa ikusteko parada izan da. Zurekin elkarteak antolatzen duen mozorro lehiaketak gero eta parte hartze handiagoa izateaz gain, epaimahaiari gero eta zailago jartzen dizkio gauzak erabakiak hartzeko garaian.

Denetarik ikusi ahal izan da: zirkoa, kabareta, Loco Mia, atrakzio parkea, autotxokeak, joareak, Mexikoko gaubeltza... Azkenean, Zurekinek emandako hiru sariak ondorengoek eraman dute: lehen saria, 250 euro Zurekineko establezimentuetan gastatzeko txartela, itsas hondoa irudikatu duen taldearentzat izan da; bigarrena, 150 euro Zurekineko establezimentuetan gastatzeko txartela, herri kirolak irudikatu dutenentzat; eta hirugarrena, 100 euro Zurekineko establezimentuetan gastatzeko txartela, Mars Attacks estralurtarrez jantzi den hiroarentzat.

Festak egun osoan jarraituko du, baina arratsaldean, 17:30etik aurrera, urtero ikusmina sortzen duen korpartsa aterako da. Aurten, 80ko hamarkado rocka izango dute oinarri; ohi bezala, alde zaharrean barrena egingo dute ibilbidea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide