Berdintasunaren aldarriari kale presentzia eman nahi dio udalak

Aritz Mutiozabal 2025ko mar. 2a, 12:30

rati Baroja Berdintasun arduraduna eta Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Emakumeen Nazioarteko Eguneko egitarauaren barruan, kanpaina bat eta bertso saio musikatua antolatu ditu Berdintasun sailak datorren asterako.

Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak bi egitasmo nagusi prestatu ditu datorren asterako, Martxoak 8aren harira. Alde batetik, kale presentzia izango duen Bagatoz.Bagaude.Bagara! kanpaina jarriko dute martxan, eta bestetik, Bideak urratzen gaitu bertso saio musikatua. Horretaz gain, astelehenetik aurrera banderola moreak jaso ahal izango dira Emakumeen Etxean, etxetako balkoietan zintzilikatzeko.

Bagatoz.Bagaude.Bagara! kanpainarekin herritarren arteko zuzeneko interakzioa bilatu nahi dute. "Berdintasunaren aldeko emakumeen aldarrikapena kalean egon dadila nahi dugu aste osoan, eta gizonak ere aldarrikapen horretara batu nahi ditugu", azaldu du Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquezek. Era berean, kanpainak badu beste helburu bat: harreman positiboak sustatzeak duen garrantzia nabarmentzea, indarkeria matxistarekin amaitzeko oinarri gisa.

Asteartean abiatuko dute kanpaina, 18:00etan, Langako plazan egingo den ekitaldiarekin. Bertan, zuhaitz enbor bat margotuko dute feminismoaren aldeko borrokaren sinbolo iraunkor gisa. Jarduera parte hartzailea izatea nahi dute antolatzaileek, eta bertaratzeko deia egin diete bereziki emakumeei.

Ikuskizuna anitza

Bideak urratzen gaitu bertso saio musikatua martxoaren 7an izango da, ostiralean, 19:00etan, Modelo aretoan. Uxue Alkorta, Aner Peritz, Maider Arregi eta Miren Artetxe izango dira parte hartuko duten bertsolariak, eta Nora Eizagirre eta Libe Goenaga, berriz, musikariak. Ainhoa Agirreazaldegik gidatuko du saioa, eta, gonbidatu gisa, Zarauzko Hasiberrien Bertso Eskola Feminista izango da. Sarrera doan izango da, eta ekitaldia hasi baino 45 minutu lehenago eskuratu ahal izango da gonbidapena, 18:15etik aurrera, Modelo aretoko leihatilan.

Ni feminista naiz" da Emakundek, hiru foru aldundiek eta EUDELek bultzatzen duten martxoaren 8ko erakundeen arteko kanpainaren leloa. Vazquezek adierazi duenez, "indarkeria matxista eta emakumeenganako diskriminazioa bezalako gai larrietan negazionismoak gora egin duen garai honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da feminismoa aldarrikatzea".

Aldarrikapen feministari esker,  berdintasunaren arloan aurrerapauso handiak lortu direla dio, baina lanean jarraitu beharra dagoela, "oraindik lan handia baitago gizonen eta emakumeen arteko erabateko berdintasuna lortzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide