Zarauzko Gurutze Gorriko komiteko kideek dimisioa eman dute, Felix Zubiak bost urteko kargugabetze zigorra jaso ondoren

Maria Maya Manterola 2025ko ots. 24a, 10:06

Felix Zubia, artxiboko irudian. (Guka)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gurutze Gorriaren Eskubide, Berme eta Betebeharren Batzordearen partetik jaso du kargugabetze zigorra Felix Zubiak, eta Zarauzko Gurutze Gorriko komitean haren kide diren kide guztiek eman dute dimisioa.

Zarauzko Gurutze Gorriko komiteak jakinarazi du dimititu egin dutela komite horren parte diren kide guztiek, Felix Zubiak bost urteko kargugabetze zigorra jaso ondoren.

Komiteko kideek azaldu dute Gurutze Gorriaren Eskubide, Berme eta Betebeharren Batzordearen partetik jaso duela zigorra Zubiak, "Zarauzko Triatloian motor partikularrak erabili izanagatik". Era berean, esan dute "arrisku baxukoa" zela proba, eta horregatik erabaki zutela sorosleekin motorren operatibo bat ezartzea zirkuituan, "arazoak izan zitzaketen korrikalarienganako sorospena azkartzeko". Dena den, erabilitako motozikletak "probako aseguru orokorrean sartuta" zeudela argitu dute. Ertzaintza eta udaltzaingoa ere motor horien erabileraren jakitun zirela gaineratu dute komiteko kideek.

Zigor "injustua eta desproportzionatua"

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gurutze Gorriko koordinatzaileak espediente bat egiteko eskatu zuela azaldu dute Zarauzko komitekoek, eta izapide horren ondoren etorri da zigorra. Zubiaren kideen ustez, "injustua eta desproportzionatua" da kargugabetzea, eta dimisioa ematea erabaki dute, "atsekabe handiz". Horiez gain, Gurutze Gorriaren Gipuzkoako Zuzendaritza Probintzialak ere dimititu du, presidente probintziala buru duela, beste toki-lehendakari batzuekin batera. 

Ohar bidez salatu dute, gainera, desadostasuna ez dela "gertaera isolatua". Itsas Salbamenduaren kudeaketa izan daiteke, Zarauzko tokiko komitekoen ustez, bat ez datozen beste puntuetako bat. Izan ere, zerbitzu hori ematen duten ontziak "zaharkituta" daudela iruditzen zaie tokiko erakundekoei, eta ondorioz, Itsas Salbamenduko Eskola geldirik dutela esan dute. Batzordeak kezka nabarmendu du, bide batez, Gipuzkoako Itsas Salbamenduko Baseek (Hondarribia, Pasaia, Donostia eta Getaria) bizi duten egoerarekin.

Gurutze Gorriko Eskubide, Berme eta Betebeharren Batzordeak, bestalde, esan du ez duela jarduten Erakundearen araudiaren arau-hausterik edo urrakortasunik ez badago, eta, inpartzialtasuna dela eta, kasu bakoitzean ezartzen den zehapena egindako arau-haustearekiko proportzionala dela. Organo "inpartziala eta neutrala" dela nabarmendu nahi izan dute, eta hain justu ere, horrek ematen diela aukera pertsonengandik gertu egoteko eta behar dituzten lekuan egoteko, "erantzun azkar eta eraginkorra emanez".

Azalpenak, ostegunean

Azkoitian ere badu egoitza Gurutze Gorriak, baina gaur gaurkoz, ez dute gaiaren inguruko adierazpenik eman nahi izan. Hedabideetara prentsa oharra igorri badute ere, aurki azalpen gehiago emango dituzte Zarauzko batzordeko kideek. Ostegunerako deitu dute prentsaurrekoa, hilaren 27rako. Getariako Arrantzaleen kofradian egingo dute agerraldia 17:00etan, eta han emango dituzte gaiaren inguruko argipenak.

Amaitzeko, Zarauzko Udalari nahiz eskualdekoei eta beste erakunde batzuei eskerrak eman nahi izan dizkiete "emandako babesagatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide