Kirol egokituaren plaza izan da Aritzbatalde kiroldegia asteburuan. Gipuzkoako Eskubaloi Egokituko I. Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuen igandean Zarautz KE taldeak Barakaldoko Eskubaloi Klubaren aurka. Bizkaiko taldea nagusitu zen, 12-4ko emaitzarekin, baina emaitza izan zen gutxienekoa, eskubaloi egokituari ikusgarritasuna ematea izan baitzen helburu nagusia; hau da, lagunarteko partidak jokatuz horrelako topaketak sustatzea eta ahal den neurrian neurketak eta txapelketak indartzea.
Estreinakoz antolatu dute txapelketa Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol departamentuarekin lankidetzan. Urtarrilaren 26an abiatu zuten txapelketa Ereintza Izarrak, Txingudi Echemar, Barakaldoko Eskubaloi Kluba eta Zarautz ZKE taldeek; orotara, 70 kirolari dira.
Garbiñe Gastañares eta Bidane Salegi dira Zarauzko taldearen entrenatzaileak. Jokalarien artean herriko zazpi lagun daude, eta horiekin batera, Gipuzkoako hainbat; Bergarako, Donostiako, Hondarribiko, Orioko eta Ormaiztegiko beste bost –azken horiek ez dute talde egokiturik beren herrietan–. Gastañaresek aitortu du "sekulako ilusioa" sumatzen duela taldekide guztien artean: "Primeran ari dira moldatzen talde moduan, eta disfrutatzen ikusten ditut".
Gastañaresek kontatu du zailtasunak izan dituztela entrenatzeko espazio bat bilatzerakoan. "Kontziente gara Zarautzen kirol asko praktikatzen direla, eta bakoitzean talde asko daudela, baina hilabetean bi orduz soilik behar dugu gunea entrenatzeko". Azkenean, Zarauzko ikastolarekin hitzarmena lortu zuten urtarrilean, baina gabezia asko ditu utzitako espazioak, ez baitago eskubaloia praktikatzeko prestatuta. Behin bidea irekita, gazte guztiak animatu ditu datozen urteetan taldera batzera.
Hirugarren eta azken jardunaldia, berriz, martxoaren 23an izango dute: Zarautzek Txingudiren aurka jokatuko du kanpoan, eta Ereintza Barakaldo hartuko du etxean.