Opera eta ballet ikuskizunen ikus-entzunezkoak, zineman

Aritz Mutiozabal 2025ko ots. 18a, 09:15

St. Margarethen Open Air antzokiaren Nabucco opera. (St. Margarethen Open Air)

Austriako St. Margarethen Open Air antzokiak ekoitzita, aurrez grabatutako Giuseppe Verdiren Nabucco opera ezaguna ikusteko abagunea izango da gaur, Modelo aretoan.

Opera saioa ikusteko aukera izango da beste behin Modelo aretoko pantaila handian. Gaur bertan izango da saioa, 19:30etik aurrera, eta oraingoan, Giuseppe Verdiren Nabucco lanaz gozatzeko parada izango dute herritarrek. Steinbrucheko (Austria) St. Margarethen Open Air antzokiak ekoitzitako ikuskizuna da, eta aipatu antzokiko espazio irekian taularatutako emanaldia eskainiko dute orain Modelon.

Obraren musika zuzendaria Alvise Casellati da, eta zuzendari artistikoa, berriz, Francisco Begrin. Horiez gain, ondorengo abeslariek parte hartzen dute ikuskizunean: Lucas Meachem, Ekaterina Sannikova, Jongmin Park, Jinxu Xiahou eta Monika Bohine. Sarrerak 9 euro balio du, eta, ohi bezala, Modeloko leihatilan edo Kutxabankeko atari digitalean eskura daitezke.

Goikus Kudeaketa da Modelo aretoko zinema programazioaz arduratzen den enpresa, eta haren ekimenez hasi ziren opera eta ballet ikuskizunen ikus-entzunekoak eskaintzen herrian. "Zarauzko zinema kudeatu aurretik, Beasaingoa bideratzen genbiltzan, eta han jada hasi ginen proiektu honekin. Beraz, Zarautzen ere gauza bera egin genezakeela pentsatu genuen", kontatu du Goikus Kudeaketako kide Xabier Amenabarrok. 2022an eskaini zuten lehendabiziko saioa, eta denboraldiko bizpahiru emanaldi eskaini dituzte.

Hasieran zuzeneko emanaldiak bakarrik eskaintzen zituzten, nagusiki Londresko Royal Opera House antzokitik. Ordea, herrialde batetik bestera dagoen ordutegi aldaketa dela eta, zuzenekoak oso berandu bukatzen ziren. Hain zuzen ere, hemengo ordutegia kontuan hartuta, 20:15ean hasten dira normalean emanaldiak, eta horiek hiru ordutik gora irauten dutenez, asko luzatzen direla zehaztu du Amenabarrok. Hori horrela, orain aurrez grabatutako ikuskizunak ematen hasi dira, eta horrek nahi duten ordutegian programatzeko aukera ematen die.

Goikus Kudeaketako kideak jakitera eman duenez, publikoa ohituago dago ohiko filmak kontsumitzera, eta «opera edo dantza emanaldien ikus-entzunezkoek oraindik bultzada behar dute». Oro har, jendeari "kostatu" egiten zaio animatzea. Hala ere, badira «oso zaleak» diren ikusle batzuk; Zarautzen, esaterako, 30-40 laguneko multzo finko bat bada. "Dena den, uste dugu badela jende gehiago gusta dakiokeena, baina nolabaiteko nagikeria eragiten diona". Beraz, publiko fidela izan arren, jende gehiagorengana iristea gustatuko litzaieke.

Ohikoaz kanpokoa

Hasierako saioetara jende dezente bertaratzen zen berrikuntza zelako; saioko 120 lagun, gutxi gorabehera. Ondoren zifrak jaitsi egin ziren, baina hori "arrunta" dela dio Amenabarrok: "Oso ikuskizun ospetsuak daude; esaterako, Madama Butterfly, Intxaur hauskailua eta Carmen. Horiek jendea erakartzen dute. Aldiz, badira horren ezagunak ez direnak ere, eta horietara ez da hainbeste lagun animatzen".

Goikuseko kideak horretan tematuta daude; ohikoaz kanpoko gauzak ere eskaini nahi dituzte. "Saio originalarekin ekin genion bideari, filmak jatorrizko hizkuntzan ematen hasi ginen, eta horrek erantzun oso ona izan du. Indartsu dago modalitate hori, gainera. Opera eta ballet ikuskizunekiko interesa ikusten dut, baina oraindik ere egonkortzea falta zaio proiektu honi", adierazi du.

Nabucco obrak bi ordu irauten du, eta Goikuseko kideak uste du alde horretatik jendea erakarriko duela. "Aukera polita izan daiteke estreinakoz horrelako emanaldi bat ikusteko. Eszenatoki kanpoko ikuskizun bat da, sekulako muntaia, abeslari eta aktore pila batekin... Nik uste dut oraingoan jendea animatuko dela".

Goikusen nahia da egitasmoarekin jarraitzea, betiere publikoak erantzuten badu. Horrez gain, eskaintza murritza dela dio Amenabarrok. Oso betikoak diren opera eta ballet batzuk dabiltza bueltaka, eta hiruzpalau urtean behin errepikatzen hasi beharko dutela uste du. "Eskaintza berririk gabe geratzen ari gara, eta horren ezagunak ez diren obretara oso jende gutxi joaten da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide