Zarautz 2025eko Kirol Egokituko Euskal Hiriburu izendatu dute

Intza Trula 2025ko ots. 18a, 10:00

Soler, Lucio eta Illarramendi, atzo, izendapen ekitaldian. (Intza Trula)

Atzo goizean egin zuten izendapen ekitaldia, Zarauzko udaletxean. Kirol egokitua herrian zabaltzeko eta ikusarazteko ardura izango du datozen hilabeteetan Zarautzek.

Atzo goizean 2025eko Kirol Egokituko Euskal Hiriburu izendatu zuen Zarautz Euskal Herriko Kirol Egokituko Federazioak, udaletxeko batzar aretoan eginiko ekitaldian. Bertan izan ziren Vanesa Lucio Kirol Egokituaren Euskal Federazioko presidentea, Gemma Soler Igeriketako Euskal Selekzioaren hautatzailea eta Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzia, izendapenaren berri emateko.

Pozik agertu zen Illarramendi, eta "urteko albisterik onenetako bat" dela nabarmendu zuen: "Ez da izendapen edota sari soil bat, hori baino askoz ere gehiago da". Zarauzko herria "ahalik eta egokituen" egin nahi dutela zioen Kirol zinegotziak, "edonork edozein kirol egin ahal izateko".

Zarauzko kirol eskaintza zabala da, eta Illarramendiren hitzetan, Kirol Egokituko Euskal Hiriburu izendapena "aukera paregabea da perspektiba zabaltzeko". Hark azaldu zuenez, herriko kirol klubak aholkatuko dituzte, eta egokituagoak izateko laguntza ematen saiatuko dira.

Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren asmoa da Zarautzen kirol egokitua zabaltzea, eta ezagutzen ez dutenei haren berri ematea; horretarako, kirol txapelketek kategoria egokitua izan dezaten egingo dute lan. "Gogotsu gaude Zarauzko Udalarekin elkarlanean hasteko", aditzera eman zuen Luciok. Hala eta guztiz ere, aurrerantzean "lan asko" dutela egiteko ere aitortu zuen. Alde batetik, aholkularitza zerbitzua zabalduko dute, interesa duten elkarte, kirolari eta kirol proben eskura egongo dena, kirol egokituaren esparruan aurrerapausoak emateko. Bestetik, urte honetan zehar diziplina askotako kirol egokituko proba eta txapelketa ugari egingo dituzte Zarautzen.

Soler izango da Zarauzko kirol egokituaren arduraduna eta kudeatzailea. Herriko kirol elkarteak harekin ariko dira lankidetzan modalitate hori kirol mota bakoitzean txerta dadin egunerokoan: "Kirol klubei tresnak eta baliabideak emango dizkiet horretarako". 

Solerren esanetan, azken finean, "kirol egokituari ikusgarritasuna ematea" da beren lanaren xedea. "Kirol guztiak inklusiboak izan daitezke, eta adimen urritasuna edo urritasun fisikoa duten pertsonei nahi duten kirola egiteko aukera eman nahi diegu", azpimarratu zuen hautatzaileak. Illarramendik zehaztu zuen izendapena 2025. urterako izango dela baliagarri, baina egitasmoak harrera ona badu, 2026ra ere luza daitekeela. 2024an Erandio (Bizkaia) izan da Kirol Egokituko Euskal Hiriburua, eta orain, Zarautzek hartu du lekukoa; gainera, izendapen hori lortu duen Gipuzkoako lehen udalerria da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide