Gipuzkoako Eskubaloi Egokituko I. Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu dute Aritzbatalden

Ian Ruiz Lizaso 2025ko ots. 17a, 10:30

Zarautz KE taldeak Barakaldo Eskubaloi Klubaren aurka jokatu zuen atzo goizean. Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol departamentuarekin batera antolatu dute txapelketa.

Taupada izenarekin, Gipuzkoako Eskubaloi Egokituko I. Txapelketa antolatu dute Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol departamentuarekin lankidetzan. Atzo, goizeko 11:30ean, Zarauzko Kirol Elkarteak Barakaldo Eskubaloi Klubaren aurka jokatu zuen.

Neurketari dagokionez, Barakaldo Eskubaloi Klubak irabazi zuen partida markagailua 12-4 utzita. Partidan zehar jende ugari bertaratu zen bi taldeak animatzera. Gainera, jokalariak gogotsu jardun ziren lehiatzen eta partidaz gozatzen. Urtarrilaren 26an abiatu zuten txapelketa, eta ondorengo lau taldeak ari dira parte hartzen: Ereintza Izarrak, Txingudi Echemar, Barakaldoko Eskubaloi Kluba eta Zarautz ZKE. Guztira, 70 jokalari dira.

Bigarren jardunaldiko beste partida, Ereintza Izarrak eta Txingudi Echemar taldeen artekoa, otsailaren 23an jokatuko dute, 12:00etan, Errenteriako Galtzaraborda kiroldegian. Hirugarren eta azken jardunaldia, berriz, martxoaren 23an jokatuko dute lau taldeek: Txingudi Echemar - Zarautz KE eta Ereintza Izarrak -  Barakaldoko Eskubaloi Kluba izango dira partidak.

(Argazkiak: Luis Epelde)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide