Taupada izenarekin, Gipuzkoako Eskubaloi Egokituko I. Txapelketa antolatu dute Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol departamentuarekin lankidetzan. Parte hartzen ari diren lau taldeetako bat da Zarautz KE, eta bihar jokatuko dute bigarren jardunaldia: Barakaldo Eskubaloi Klubaren aurka neurtuko dituzte indarrak, 11:30ean, Aritzbatalde kiroldegiko kantxan.
Antolatzaileen esanetan, txapelketaren helburuak dira eskubaloiaren praktika normalizatzea desgaitasuna duten pertsonen artean, kolektibo hori kiroletik kanpo uzten duten oztopo asko gainditzea, eta, gainera, kirolaren bidez inklusioa lortzea.
Urtarrilaren 26an abiatu zuten txapelketa, eta ondorengo lau taldeak ari dira parte hartzen: Ereintza Izarrak, Txingudi Echemar, Barakaldoko Eskubaloi Kluba eta Zarautz ZKE. Orotara, 70 jokalari dira.
Bigarren jardunaldiko beste partida, Ereintza Izarrak eta Txingudi Echemar taldeen artekoa, otsailaren 23an jokatuko dute, 12:00etan, Errenteriako Galtzaraborda kiroldegian.
Hirugarren eta azken jardunaldia, berriz, martxoaren 23an jokatuko dute lau taldeek: Txingudi Echemar - Zarautz KE eta Ereintza Izarrak - Barakaldoko Eskubaloi Kluba izango dira partidak.