Iaz egindako Klimb Zarautz Open eskalada txapelketak izandako arrakastak animatuta, Klimb Zarautz Masters txapelketa antolatu dute lehendabizikoz Zarauzko Klimb rokodromoan. Txapelketaren izenak garbi uzten duen bezala, kirol horretako maisuak elkartuko dira kostaldeko herriko azpiegituran. Goizetik iluntzera bitartean egingo dituzte txapelketa osatuko duten hainbat proba.
Zarauzko Klimb rokodromoaren arduradun Ander Gorostitzuk azaldu duenez, 80 eskalatzaile lehiatuko dira txapelen bila. "Euskal Herriko eskalatzaileak izango dira lehian, baina baita Espainiako edota Frantziako onenak ere", adierazi du. Goiz partean sailkatze probak egingo dituzte. "25 bloke eskalatzeko aukera izango dute parte hartzaileek, eta hamabi onenek, sei mutilek eta sei neskak, jokatuko dute finala 19:00etatik aurrera", argitu du.
Gorostitzuren ustetan, Zarauzko proban ziurtatuta egongo da ikuskizuna. "Espainiako Kopa batean baino maila handiagoa izango da. Lehen mailan aritzen den jendea etorriko da txapelketan lehiatzer", dio.
Bloke gogorragoak
Jacky Godofee eskalatzaile frantziar entzutetsuak ekipatutako blokeetan arituko dira lanean parte hartzaileak. Izen garrantzitsua da Godofeerena eskalada munduan. Puntuaketan ere aldaketak izango dira iazko probarekin alderatuta. Eskalatzaileek ez dute hainbeste eskalatu beharko; bloke gogorragoak izango dituzte, eta puntuak emateko orduan, gainditutako hamabi bloke gogorrenak hartuko dituzte kontuan.
Eskaladaz "gozatzeko" eta kirol hori "bizitzeko" aukera emateko helburuarekin antolatu dute Klimb Zarautz Masters txapelketa. "Eskaladak ez du ikusgarritasun askorik, ezta laguntzarik ere. Ez dira txapelketa asko antolatzen, eta hemen [Klimb rokodromoan] horretarako aukera dudanez, hasi naiz saioak prestatzen. Iaz open mailakoa antolatu nuen, eta datorren urtean Europa mailakoa egin nahiko nuke", dio Gorostitzuk. Bertako eskalatzaileek maila horretako kirolariak ikusteko aukera izan dezaten ere nahi du.
Maisuek bakarrik ez, bihar Zarautzen jokatuko duten txapelketan maila baxuagoko eskalatzaileek ere izango dute hormetan gora ibiltzeko eta besteen lanak ikusteko aukera. "Agian ezingo dituzte bloke gogorrenak gainditu, baina beraientzako esperientzia aberasgarria izango da", azaldu du antolatzaileak.
Finala ETB4k zuzenean
Klimb rokodromoak azalera mugatua du, eta ez dituzte ateak zaleentzako zabalduko. "Kanpotik jendea familiarekin dator, eta lekua haientzako gordetzea erabaki dugu".
Finala, baina, zuzenean ikusteko aukera izango da telebista bidez, ETB4 katean, 19:00etatik aurrera. Txapelketaren laburpen bat, berriz, ETB1ek emango du otsailaren 23an, igandean, 10:45etik aurrera.