Nadia Erostarbe surflari zarauztarra gorengo mailan emaitza bikaina eskuratuta itzuli da Euskal Herrira. Hain zuzen ere, WTF zirkuituan lehiatu da, munduko surf zirkuiturik onenean, eta lehen proban, Hawaiiko Lexus Pipe Pro txapelketan, bederatzigarren egin du.
Itzuli berritan, Basque Teamek antolatuta, prentsaurrekoa eman zuen atzo Erostarbek Donostiako Aquariumean, eta harekin batera izan ziren Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria eta Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburua.
Sailkatze txandan bigarren postuan sailkatu zen Erostarbe Hawaiin. Final zortzierenetarako postua ziurtatu zion horrek, baina ezin izan zuen final laurdenetarako langa gainditu –Caroline Marks estatubatuarrak kanporatu zuen–. Hala eta guztiz, egindako lana aitortu nahi izan zioten atzokoan surflari zarauztarrari. Izan ere, munduko hemezortzi surflari onenen artean izan da lehian Erostarbe, eta Euskal Herrian maila horretan aritzea lortu duen bigarren emakumea da, Pauline Ado hendaiarraren ondotik.
Azken orduko parte hartzea
Hasiera batean, WCTtik kanpo geratu zen Erostarbe, iazko Challengers Series zirkuituan seigarren egin eta gero, bost surflarik bakarrik izango zutelako surf munduko lehen mailan aritzeko eskubidea. Dena den, Defay surflari frantziarraren bajak eman zion Erostarberi maila gorenean lehiatzeko aukera.
Iazko denboraldi bikainaren emaitza da Erostarbek WTC zirkuituan parte hartu izana. Izan ere, Challengers Seriesen egindako seigarren postuari, iazko Olinpiar Jokoetan lortutako bosgarren postua, eta, ondorioz lortutako diploma olinpikoa gehitu behar zaizkio.