Arkamurka Natur Elkarteak antolatuta, Zarauzko VI. Hezeguneen Eguna egin dute gaur goizean Iñurritzako biotopoan. Aurten, hamar lagun inguru elkartu dira ingurune naturalean batzen den zaborra jasotzeko, aurreko aldietan baino jende gutxiago, baina horrek ez du kikildu bertaratu direnen asmoak.
Zubiaurre Berri baserriaren parean elkartu dira, 09:00etan, eta egin beharreko ekintzen azalpenak jaso ondoren, Iñurritza ibaiaren magalean urtean zehar katigatuta geratu den zaborra jaso dute. Eskularruak eta katiuskak soinean, ondorengo material jaso dute, hala nola plastikozko zorroak, beirazko botilak, poliesmanezko kaxak, poliuretanozko objektuak eta antzerakoak. Bi ordu inguru aritu dira lan eta lan Arkamurkako kideak, eta txukundu ederra eman diote hezeguneari.