Hemezortzi haurrek osatzen dute aurtengo Zarauztarra Txirrindulari taldea

Intza Trula 2025ko ots. 2a, 16:30

Goizean egin dute talde berrien aurkezpen ekitaldia, Lege Zaharren Enparantzan. Gainera, hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izan dute elkarteko txirrindulariek zein plazara joan direnek.

Zarauztarra Txirrindulari elkarteak talde berrien aurkezpen ekitaldia egin du gaur goizean Lege Zaharren Enparantzan. Eguraldi bikaina lagun, taldeko argazkiak atera dituzte, eta bizikletarekin hainbat jolasetan parte hartzeko aukera ere izan dute.

Elkarteko txirrindularien entrenatzaile Denis Sanchezek azaldu du, orotara, hemezortzi haurrek eta gaztetxok osatzen dutela aurtengo taldea. Horiek, hiru mailatan banatuta daude: benjaminak, kimuak eta infantilak, hain zuzen ere.

Sanchezen esanetan, denboraldia "gogotsu" hasi dute, hemezortzi txirrindulariz osatutako "talde politarekin". "Urte batzuetan hiru edo lau umerekin ibili izan naiz, eta aurten askoz ere gehiago dira. Urtetik urtera talde handiagoa osatzen dugula ikustea oso polita da". Izan ere, entrenatzailearen iritziz, umeen artean badira "arrakasta handiagoa" duten beste kirol batzuk, eta, horregatik, elkarteak urtero "lan handia" egiten du etxeko txikienak txirrindularitza ezagutu eta probatu dezaten.

Talde berrien aurkezpen ofiziala gaur egin badute ere, Sanchezek azpimarratu du ateak zabalik dituztela kirol hori probatu eta kluba ezagutu nahi duen ororentzat. "Guztiak izango dira ongietorriak". Astelehenetan eta asteazkenetan entrenatzen dute, eta gutxi gorabehera hogei kilometro egiten dituzte, Abendaño inguruan eta Itxasmendiko pistan.

Harrobiaren lasterketak, bide onetik

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioarekin izandako aferaz ere mintzatu da entrenatzailea, eta lasterketak "normaltasunez" gauzatu ahal izango dituztela argitu du. "Gure kasuan arazoa konponduta dago, eta harrobiko txirrindularien lasterketak antolatzen jarrai dezakegu".

Izan ere, harrobiko txirrindularien lasterketak antolatzeko hainbat oztopo izan dituzte taldeek nahiz Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak azken urteetan: esaterako trafiko zuzendaritzaren oztopoak, lasterketetako segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren ertzainen falta, lotura motoetako gidarien egoera, zenbait errepide erabiltzeko debekua...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide