Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileen greba egunak izaten ari dira atzo eta gaur. Horren harira, LAB sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean udaletxe aurrean, Hezkuntza publikoa indartu! lelopean. Argi eta garbi azpimarratu zuen "kolektibo ezikusia" dela, "feminizatuena eta lan baldintza prekarioenak dituena".
Ikasturte hasieratik mobilizazioak burutu ditu LABek hezkuntza publikoa indartzeko eta inbertsioa handitzeko aldarrikatuz. "Baliabideez hornitu, azpiegiturak berritu eta lan hitzarmenak hobetzea" eskatzen ari dira. "Intersindikala deitu eta aktibatuko genuela esan genuen eta STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuekin batera hezkuntza publikoan diharduten Sukalde eta Garbiketako eta Haurreskolak Partzuergoko langileen zein irakasleen lan baldintzak hobetu eta kalitatezko hezkuntza izateko helburuz mobilizazioetara jo dugu batasun sindikalean"
LABek dio langileen lan baldintzak hobetzeak "zerbitzua hobetzea" dakarrela. Hori horrela, "langileoi ezinezkoa zaigu kalitatezko hezkuntza eskaintzea eguneroko lan zamek itotzen gaituzten bitartean, besteak beste: Sukalde eta Garbiketan funtzioen zehaztasun eza, gehiegizko metraje eta ratioak, azken urteetan irakasleetan gehiagora egin dute lan burokratikoek edota ikasleen beharrei erantzuten ez dieten formakuntzak; edota Haurreskoletan urteko zein eguneko jardun luzeegia eta kudeaketa alorrean dauden baliabide exkaxak".
Era berean, hezkuntza publikoa baliabide pertsonalez eta materialez hornitu behar dela azaldu du, "egun gizarte bezala ditugun erronkei erantzuteko". Azpiegiturak ere berritu behar direla nabarmendu dute, eta lan baldintza prekarioenak dituzten kolektibo feminizatuak lehen lerrora ekarri.
"Hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa handitzea eskatzen dugu LABetik, eskola publikoa sistemaren ardatza izan dadin. Hezkuntza Saila aldebakarrez hartzen ari den erabaki zein neurriek lanpostuen galera, eskola publikoen itxiera eta D ereduko ikaspostuak galtzea ekarriko du eta LAB parean izango du, hezkuntza komunitatearekin prozesu adostuak eta gardenak izan arte".