Atzo hasi ziren sansebastianez gozatzen Urtetako bizilagunak. Mus txapelketa azkarra egin zuten Eliz-Mendi elkartean, eta gaur ere hantxe hasi dituzte eguneko ospakizunak, hamaiketakoa eginez. Elkartea goraino bete da, auzotarrak ez ezik, kaletarrak ere bertaratu baitira, autoz nahiz oinez, eguzki epela lagun.
Hamaiketakoaren ondoren, frontoian izan da zer gozatua. Aurrena trikiti saioa eskaini dute Aratz Olaizolak eta Amets Etxaidek, eta ondoren, herri kirol jaialdia izan da Izeta harri jasotzaile eskolakoen eskutik. Aizkoran Jakes Iruretagoiena Izeta V.a gaztea aritu da, eta harri jasotzen, berriz, haren aita Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Iraitz Arruti, Mikel Lopetegi Urra, eta Maddi Gesalaga eta Maddi Salterain Lopetegi, Urra II.a gazteak. Azken horren debuta izan da, gainera, gaurkoa –ikus hemen albistea eta bideoa–.
Haien erakustaldiaren ondoren, Neska-Mutil Ardoaren eta ezkonduen artean aritu dira lehian, harri jasotzaileen laguntzarekin: txingetan, trontza mozten, lokotx biltzen eta harri jasotzen ibili dira. Azkenik, sokatira saioa ere egin dute. Ezkongabeak nagusitu dira desafioan; Neska-Mutil Ardokoak, alegia.
Festak arratsaldean jarraituko du Urtetan, Elustondo anai-arrebekin erromeria izango baita 18:30ean hasita.
Bihar, San Sebastian eguna, meza izango dute 10:30ean Gure Boza otxoteko kideek girotuta, eta ondoren, hamaiketakoa, auzo elkartean.