Frank Gehry arkitektoak diseinatutako Guggenheim museoaren irekierak beste fase batera eraman zuen Bilbo. Oso bestelakoa zen ordura arteko hiria: arriskutsua, zikina, kutsatua, grisa. Ibaizabalen ez ziren ibiltzen bisita gidatuak eskaintzen zituzten ontziak, eta Bilboko kale batzuetan sartzea ez zuten gomendatuko orduko turismo bulegoetan. Eta Bilbon bizi zutena krisialdian zegoen Ibaizabalen ezkerraldera estrapola daiteke. Eskorbuto punk talde santurtziarraren (Bizkaia) Ratas en Bizkaia abestia izan daiteke dagoeneko desagertuta dagoen mundu haren soinu banda.
Niko Vazquezek (Bilbo, 1958) bertatik bertara bizi izan zuen garai hura. Jaiotzez bilbotarra bakarrik ez, Bizkaiko hiriburuko punk talde garrantzitsuenetakoa izan zen MCDko kide ere izan zen. Gainera, haren arreba, Loles Vazquez, Vulpes taldeko (Me gusta ser una zorra polemikoarekin zentsuratua izan zen taldea) gitarrista izan zen. Zurrunbilo hartan, protagonista izan ziren, beraz, Vazquez anai-arrebak.
Bilboren arima
Diseinatzailea ere bada Niko Vazquez –harena da ETBko irudi den txoriaren diseinua–, eta duela lauzpabost hamarkadako Bilbo irudikatzen zuten irudiak zintzilikatzen hasi zen sare sozialetan orain urte batzuk. Hiri grisaren arima jaso nahi zuen egileak. Oso errealistak ziren irudiak, ordea, adimen artifiziala erabiliz sortu zituen. Horretarako, Midjourney eta Leonardo adimen artifizialeko erremintak erabili zituen, eta, gero, Photoshop programa, irudiak fintzeko.
Guztira, 10.000 argazki inguru sortu zituen erreminta horiek erabiliz, eta horietatik 150 Make Bilbao grAI again liburuan bildu zituen 2023. urtean. Iaz jarraipena eman zion proiektuari; antzerako teknikak erabilita sortutako irudiekin bigarren liburua osatu zuen, Bored of being wild izenekoa.
Artistak ez du sare sozialetara eta argitalpenetara mugatu nahi lan hori, eta erakusketa bat muntatu du bilduma horietarako sortutako lanekin. Aste honetan Zarauzko Photomuseumera heldu den bilduman aluminio gainean inprimatutako 30x30 zentimetroko 54 koadro bildu ditu artista eta diseinatzaileak.
Hiri iskanbilatsua
Ikusleak 1980ko hamarkadako Bilbo iskanbilatsura eraman nahian, irudiez gain, Vulpes eta MCD taldeen gitarrak, fanzineak, diskoak, eskuorriak, tiragomak eta gomazko bolak ikusi ahal izango dira, baita egileak berak adimen artifizala erabiliz sortutako bideo batzuk ere.
Erakusketa otsailaren 16ra arte bisitatu ahal izango da Photomuseumen; asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.