Amenabarrek Txileko selekzioaren aurka jokatuko du bihar

Intza Trula 2025ko urt. 8a, 16:45

Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzia, Aitor Etxaburu Txileko selekzioko hautatzailea eta Irene Iribar ZKE Eskubaloiko presidentea lagunartekoaren aurkezpenean. (Intza Trula)

19:30ean jokatuko dute lagunarteko eskubaloi neurketa, Aritzbatalde kiroldegiko kantxan. Sarrera doakoa izango da.

Hitzordu berezia izango dute eskubaloi zaleek zein jokalariek bihar iluntzean Aritzbatalde kiroldegian. Izan ere, Amenabar Zarautzek Txileko selekzioa hartuko du etxean, eta lagunarteko partida jokatuko dute, 19:30ean hasita. Neurketa bertatik bertara bizi nahi dutenek aukera paregabea izango dute, beraz, doako sarrerarekin.

Eskubaloiko Munduko Txapelketa jokatuko dute urtarrilaren 14tik otsailaren 2ra Kroazian, Danimarkan eta Norvegian, eta, hain justu, lehiaketa hori prestatzen dabil buru-belarri Txileko selekzioa Euskal Herrian. Hori dela eta, Amenabar Zarautzen aurka lagunartekoa jokatuko dute bihar; halaber, Euskal Selekzioaren aurka ere neurtuko dituzte indarrak igande honetan, Pasaian (Gipuzkoa).

Irene Iribar ZKE Eskubaloiko presidenteak partida aurkezteko egindako prentsaurrekoan azaldu duen moduan, 60 urte beteko ditu herriko eskubaloi klubak aurten, eta ekitaldi ezberdinak prestatu dituzte datozen hilabeteetarako. Horietako bat, biharko lagunartekoa da, eta neurketaren atarian, Iribarrek eskerrak eman nahi izan dizkie Zarauzko Udalari eta Euskal Federazioari.

Ildo beretik, Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziak dio "ohorea" dela Txilek Amenabar Zarautzen aurka jokatzea: "Kluba egiten ari den lanaren emaitza da, aukera hau ez baita bakarrik sortzen".

Aitor Etxaburu Txileko selekzioko hautatzailea ere izan da aurkezpenean; urte askoan Bidasoako jokalari garrantzitsua izandakoa da eibartarra. Bere esanetan, "plazer" handia da taldearentzat neurketa jokatzeko aukera izatea: "Miresmen handia diot ZKE Eskubaloiari, eta etorri izan garen guztietan ongi konpondu gara". Hautatzaileak azaldu duen moduan, Munduko Txapelketa prestatzeko baliatuko dute lagunartekoa.

Bestalde, Gabonetako etenaren ondoren, Amenabar Zarautzek hurrengo astean berrekingo dio liga denboraldiari, urtarrilaren 18an, larunbatarekin, eta herenegun hasi zituzten entrenamenduak. Horregatik, gaurko partida prestaketaren parte izango da zarauztarrentzat ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide