Xabi Zabala: "Oso eroso sentitzen naiz ezkutuko posizioan, musikarekin lanean"

Aritz Mutiozabal 2024ko abe. 13a, 11:00

Xabi Zabala musikaria. (Urtzi Oteiza)

Urte mordoxka daramatza Xabi Zabalak (Zarautz, 1967) Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin elkarlanean. Bera da, nolabait ere, hirukoaren kanta arrakastatsuen sortzaile.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Zu, Xabi, ezkutuan geratzen den laugarren sudurgorria al zara?

Garai batean, bosgarren beatle-a esaten zen bezala, ezta? Hala da, atzean geratzea tokatzen zaidalako, baina esan beharra daukat oso eroso sentitzen naizela ezkutuko posizio horretan, musikarekin lanean pailazoentzat.

Ezin da ukatu pailazoen abesti arrakastatsuen atzean zu zaudela.

Esan dezakegu horrelako zerbait dela, bai. Azkenean, ni hor nago, baina baita beraiek eta talde osoa ere.

Nork ez du abestu “ilargiraino eta bueltan maite zaitut”?

Nik, behintzat, hainbat aldiz kantatu izan dut. Gainera, abestiaren hitzak egin zirenean, Joxe Mariri [Porrotx] komentatu nion, eta hark esan zidan ikaragarri gustatu zitzaiola errepikaren bukaera horrela izatea.

Oihartzun handia izan duten abestiak egin dituzu, jada herrikoiak bihurtu direnak.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek duten zabalkundea sekulakoa da. Pentsa, Euskal Herrian urtero makina bat emanaldi eskaintzen dituzte, eta hainbat belaunalditako jendeak ikusi ditu saio horiek. Ni 2000. urtean hasi nintzen haiekin lanean, eta 2001ean atera genuen lehen diskoa elkarrekin. Dagoeneko 27 disko ondu ditugu, eta oker ez banago, haiek aurretik beste bederatzi zituzten argitaratuta. Beraz, material, abesti, ikuskizun eta ilusio asko dago horien guztien atzean. Azkenean, hori guztia islatu egiten da, eta jendeari barrura iristen zaio.

Zerua lapurtu dute! da pailazoekin argitaratu berri duzun diskoa. Oraingo honetan, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean aritu zarete. Zer-nolako esperientzia izan da?

Esperientzia oso ona izan da. Pailazoek urtero gai zehatz bat hartzen dute abiapuntu gisa, eta aurtengo gaia oso interesgarria iruditu zitzaigun; alde batetik, jakitun gara argi kutsadura dagoela eta horrek itzali egiten duela zeru ederra, eta bestetik, nahiz eta hori jakin, Aranzadiko jendearekin hizketan eta aztertzen hasten zarenean, mundu harrigarri bat deskubritzen duzu. Orduan, ildo horri jarraituz, Zerua lapurtu dute! sortu dugu; izan ere, zerua ikusteko beste norabait joan behar duzu.

Abesti berriak daude diskoan: Nanoplaneta, Piztu iluna, Ipurtargia, Altxa burua... Leire Bilbao idazleak egin ditu hainbat hitz; azken lau diskoetan harekin egin dut lan. Oso ongi konpontzen gara, eta elkarlana oso inportatea da halakoetan, kimika hori sortzea. Uste dut gustura egiten dugula lan batera. Politak geratu dira abestiak, gainera.

Elkarrizketa osoa GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen bideoz. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide