Hitzordu berezia izango da datorren larunbatean, hilaren 14an, Frantziskotarren elizan. Azken hiru urteetan egin duten moduan, Gabonetako Kontzertu Solidarioa eskainiko du Zarautz Abesbatzak bertan; abesbatzako kideek jakitera eman dutenez, aurtengo donazioetatik lortutako dirua Ori-Zautz Rwandaren alde lan egiten duen Zarauzko elkarteari laguntzeko izango da.
Reyes Zelaia koruko kideak eman zituen kontzertuaren inguruko xehetasunak. Hark azaldu zuen moduan, Zarautz Abesbatzako hiru taldeek parte hartuko dute emanaldian: hian justu, Zarautz Abesbatza, Zarazte abesbatza eta Txinpirin abesbatza izango dira oholtza gainean. Gainera, Ibon Isastiren gidaritzapean, Zarauzko Musika Bandako sei musikari eta Imanol Urbieta Udal Musika Eskolako 11 biolin jotzaile ere izango dira beraiekin.
Aurreko edizioak Hotz Zarautz Gobernuz Kanpoko Erakundearekin elkarlanean antolatu zituzten, eta bildutako dirua erakundearen jardunari laguntzeko izaten zen. Aurten ordea, Ori-Zautz elkartearentzat izango da dirua. Juanan Urdangarin abesbatzako kideak argitu zuen moduan, aldaketa "donazioak herriko beste elkarteei zabaltzeko asmoz" egin dute: "Urte batean bati lagunduko diogu eta hurrengoan beste bati, denok lotuta egon gaitezen".
Ana Belen Juaristi Ori-Zautz elkarteko kideak hartu zuen hitza jarraian, eta haren esanetan beso zabalik hartu zuten Zarautz Abesbatzaren proposamena. "Jende asko egoera zailean" dagoela gogorarazi nahi izan zuen Juaristik; horregatik, laguntza guztiak "ongietorriak" direla zioen. Juaristik azaldu zuen Ori-Zautzek biltzen duen diru gehiena Rwandako haurrentzat dela, eta zehazki, azken urteotan haientzako eskola bat eraikitzen ari direla.
Zelaiak gehitu zuenez, Gabon abestiek badute “zerbait berezia”, norbera bere “oritzapenetara” eramaten dutena. Ildo beretik, Urdangarinek kontzertu "borobila" aurreikusten duela zioen.
Hala, hamabost abesti izango dira hilaren 14an Frantziskotarren elizan entzun ahal izango direnak. Sarrera doakoa izango da, eta kontzertuaren amaieran dohaintza emateko mahaia jarriko dute eliz atarian.