Amalur parkearen inguruko parte hartze prozesua abiatu du Zarauzko Udalak, herritarren iritzia ezagutzeko eta herritarrek lehenesten dituzten erabilera programak eta horiei lotutako azpiegitura beharrak identifikatzeko helburuarekin.
Garbiñe Oiarbide Partaidetza zinegotziak azaldu duen moduan, proiektuarekin 25.000 metro koadroko "birika berdea elkarrekin definitzeko aukera paregabea" izango dute zarauztarrek.
Faseak
Prozesuaren nondik norakoak asteartean azalduko dituzte, 18:00etan, Santa Klara komentuan egingo duten saioan. Xehetasunak, helburuak, egutegia, faseak eta metodologia ezagutaraziko dituzte bertan, baita inspirazio iturri gisa baliagarriak diren beste parke batzuetako adibideak erakutsi ere. Halaber, ekarpenak egiten hasteko aukera ere egongo da.
Era berean, asteartetik aurrera eskuragarri egongo dira prozesuaren inguruko informazioa eta ekarpenak egiteko galdetegia Zarauzko Udalaren webgunean, Parte hartu atalean. Galdetegia, gainera, eskuz ere bete ahal izango da, HAZen eta Sanz Enean. Orriok aurrekontu parte hartzaileetarako ekarpenak egiteko jarri ohi diren buzoietan jasoko dituzte.
Prozesuaren lehen fasea abenduaren 10etik urtarrilaren 17ra bitartean egingo dute, eta otsailean ekingo diote bigarrenari: giza talde desberdinekin dinamikak antolatuko dituzte orduan. Bigarren saio ireki bat egingo dute jarraian, aurreko saioetan jasotako informazioa kontrastatzeko eta eztabaidatzeko asmoz. Saio hori otsailaren 25ean egitea aurreikusi dute.
Prozesuari amaiera emateko bileran, adostu diren proposamenen berri eman eta horien inguruko iruzkin edo ekarpenak jasoko dituzte panel batean. Azken bilera martxoaren 25ean egingo dute.
Oiarbideren esanetan, "ahalik parte hartzerik handiena eta anitzena" lortzea da helburua. Horrenbestez, zarauztarrak ekarpenak egitera animatu ditu zinegotziak: "Amalur parkea guztion parkea izateko oso garrantzitsua da guztiok gure aletxoa jartzea".