Joan zen azaroaren 16an Zarauzko gaztetxean gertatutakoaz zabaldu den "kontakizun desitxuratuaren eta aldebakarrekoaren" harira, manifestazioa deitu zuen atzo arratsalderako Hiruputzuk. Hainbat zarauztarrek ez ezik, inguruko herrietako gaztetxeetako kide ugarik egin zuten bat deialdiarekin. Ehun lagunetik gora bildu ziren atzo Lege Zaharren Enparantzan egindako manifestazioan.
"Kargu publiko bat duen politikari profesional bati kritika politikoa egitea eta erantzukizun politikoa eskatzea ez da eraso bat", esan zuten gaztetxeko kideek manifestazio ostean hitza hartu berritan. Era berean, esan zuten ez dela eraso bat Putzuzulo gaztetxea desalojo arriskuan zegoenean eremuaren aurkako "kanpainarik aktiboena" egin zuen alderdiko bozeramaileari "kritika bat egitea". Hori hala, kritika politikoa egiteko eskubidea aldarrikatu zuten, eta gaztetxeak "elkartzeko, antolatzeko eta politizatzeko" espazioa izan behar duela gaineratu.
Horrez aparte, Inaxio Illarramendi PSE-EEko zinegotziak gaztetxeko bi kideren aurka aurkeztutako salaketa kentzeko eskatu zuten; izan ere, Hiruputzuko kideek jakinarazi zutenez, azaroaren 16an gertatutakoaren ondoren bi pertsona horien aurka salaketa bat jarri zuen hark. Horiek ikerketapean daude, gorroto larrigarria egotzita.
Amaieran, Hiruputzuko kideek eskerrak eman nahi izan zizkien atzo gerturatutako guztiei, baita denbora honetan babesa adierazi dietenei ere. Hain zuzen ere, Euskal Herri osoko 70 gaztetxek baino adierazi diote elkartasuna Hiruputzuri.
Azaroaren 16an gertatutakoaz
PSE-EEko zinegotziaren esanetan, egun hartan "kuadrillakoekin musika entzutera" joan eta "bi pertsona ongietorria ez" zela esatera gerturatu zitzaizkion. "Politikaz hitz egiten" hasi zitzaizkiola esan zuen, eta "bertatik alde egiteko" eskatu ziotela.
Udal Gobernua izan zen gertakariaren berri ematen aurrena, eta EAJ eta PSE-EE udal taldeek adierazpen bateratua kaleratu zuten Illarramendik egun hartan jasandako "jazarpena" gaitzetsiz. Gertatutakoa "onartezina" dela adierazi zuten bi alderdiek, eta babesa adierazi zioten Illarramendiri.
Ildo beretik, EH Bilduko udal taldeak ere babesa adierazi zion PSE-EEko zinegotziari, eta argi utzi nahi izan zuen gaztetxeak espazio "irekiak, askeak eta elkarrenganako errespetuan oinarrituak" direla.