Euskararen Eguneko bideo eta pegatina lehiaketako sariak banatu dituzte

Intza Trula 2024ko aza. 30a, 15:30

Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta epaimahaiak horrela ebatzita Elene Muruak eskuratu zuen pegatina lehiaketako lehen saria. Bideorik onena, berriz, Noa Cedronen, Nora Arangurenen eta Lukas Prietoren taldeak egindakoa izan zen.

Euskararen Eguna da abenduaren 3a, eta horren barruan, Zarauzko Udalak bideo eta pegatina lehiaketa antolatu du aurten ere herriko ikastetxeekin lankidetzan. Atzo eguerdian banatu zituzten sariak, Etxezabala aretoan; ekitaldian azpimarratu zuten aurten ere "maila handiko lanak" jaso dituztela.

Hori hala, pegatina lehiaketari dagokionez, Elene Muruarentzat izan zen lehen saria (100 euroko txartela Murkileko dendetan gastatzeko). Bigarren saria Lier Estebanek eskuratu zuen (75 euroko txartela Murkileko dendetan gastatzeko), eta hirugarrena, berriz, Maria Muñozentzat izan zen (50 euroko txartela Murkileko dendetan gastatzeko).

Bideorik onenaren saria Noa Cedronen, Nora Arangurenen eta Lukas Prietoren taldearentzat izan zen (200 euroko txartela Murkileko dendetan gastatzeko). Bigarren saria Araitz Agotek, June Mendizabalek, June Diazek eta Imanol Izetak egindako bideoarentzat izan zen (150 euroko txartela Murkileko dendetan gastatzeko), eta hirugarren postua Klara Larrañagak, Samia Astiazaranek, Amane Grijalbak, Inge Olaizolak, Maren Etxanizek eta Libe Aristik eraman zuten (100 euroko txartela Murkileko dendetan gastatzeko).

Euskara herrira zabaltzeko

Ikastetxeetan ez ezik, herrian ere euskara zabaldu nahi izan du aurten ere udalak, eta  horretarako hiru hitzordu antolatu ditu: lehenengoa atzo izan zen, Klown bertso saioa.

Bigarrena bihar, igandea, izango da, Eingo erromeria taldearen emanaldiarekin. 18:00etan hasiko da, Musika Plazan. Eta, azkenik, abenduaren 26an literatura emanaldi musikatua izango da Modelo Aretoan, Kirmen Uriberen eskutik.

"Azken hamarkadetan euskara mantentzeko eta zabaltzeko gai izan bagara, aurrerantzean ere horretan jarraitzeko bizi-indarra izango dugu" adierazi zuen Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Euskara zinegotziak. "Olatu berria sortzeko unea orain" dela eta Zarauzko Udalak horretan parte hartuko duela gehitu zuen zinegotziak: "Erantzukizuna eta konpromisoa hartzen dugu olatu berria sortzeko, eta zarauztarrei dei egiten diegu erronka honetan bidelagun izateko”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide