11,7 milioi euroko mailegua eskatuko du udalak, "etorkizuneko inbertsioak finantzatzeko"

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 22a, 15:00

EAJren eta PSE-EEren aldeko bozkekin egin du aurrera inbertsioak finantzatzeko epe luzerako eragiketak; aurka bozkatu du EH Bilduk. 

Atzoko ezohiko udalbatzarrean, bi kreditu aldaketa egin eta taxien tarifak onartzeaz gain, inbertsioak finantzatzeko epe luzerako finantzaketa-eragiketa bat kontratatzeko baldintzapen pleguei behin behineko onespena eman zieten EAJ eta PSE-EEren zinegotzien aldeko botoekin. EH Bilduk ezezko botoa eman zuen. 

Zehazki, 11,7 milioi eurokoa da Udal Gobernuak proposatu zuena. Iker Basurko Proiektu Estrategikoen eta Berrikuntzen zinegotziak eman zituen zergatiak, hasteko: haren hitzetan, proiektu handietan inbertitzeaz gain, Europako araudiaren aldaketak eragina izan du egoera ekonomikoan, eta beraz, "beharrezkoa" da maileguaren onarpena inbertsioekin jarraitzeko. Basurkok azaldu zuen hamabost urteko bizitza izango duela maileguak, eta interes aldakorrekoa izango dela. "Karga finantzario txikiko" mailegua da hori jeltzaleen ustez, "konpromisoekin jarraitzeko" ezinbestekoa. 

Basurkoren adierazpenekin ados agertu zen Inaxio Illarramendi PSE-EEren udal taldeko bozeramailea. Gaineratu zuen "irteera bakarra" dela aldeko botoa ematea, eta udalaren azken hilabeteotako "ekonomia egoera ezin hobeari esker" eskatu ahal izango dela. 

Ion Arozena EH Bilduren bozeramaileak azaldu zuen hiru aldagai hartu dituztela aintzat ezezko botoa arrazoitzeko: kopurua, kostua eta helburua. Interes aldakorreko mailegua izanik, "zaila" da koalizioaren ustez urteko kostu zehatza jakitea, eta gainera, Arozenak Udal Gobernuari azaldu zion ez dakitela zer proiektu finantzatzeko izango den. 

"Bideorria markatuta"

Basurkoren arabera, herritarrekin duten konpromisoa da helburua. Aipatu zuen duela bi urtetik dutela bideorri bat markatuta, eta gainera, pandemia osteak "zulo handia" utzi zuela herriaren ekonomian. Dena den, jeltzaleen ustez, "aurrera" doaz proiektuak, eta "hala jarraituko dute gutxienez bi urtean". 

Interes aldakorreko mailegua hautatzeaz ere aritu zen. Teknikarien irizpideak hartu dituzte aintzat horretarako, eta beste instituzio batzuekin ere kontsultatu dute, Basurkoren esanetan.

Illarramendik bereizketa egin nahi izan zuen gastuen eta inbertsioen artean. Basurkoren ildo beretik aritu zen, bestalde, interes aldakorreko mailegua hautatzearen inguruan: PSE-EEko bozeramaileak azaldu zuen 1,75etik edo 2tik gora daudela gaur egun interesak, eta hurrengo urteetan interes hori jaitsi egingo dela uste dela. Zarauztarrak "egoera hobeago batera" eraman dituzten azken urteotako inbertsioak zerrendatu zituen jarraian, tartean, Udaltzaingoaren eraikin berria, Astiko kantina, Amalur parkea, tren geltoki berria eta pasadizoa eta kiroldegiko igerilekuaren berritzea. 

Bozkatu aurretik, Arozenak gaineratu zuen "hilabete batzuk" badirela Europako arau fiskalen aldaketaren berri badutela, eta gainera, Astiko futbol zelaiaren berritzea izan ezik, gainerako inbertsio horiek guztiak aurtengo aurrekontuetan daudela sartuta. 

Garbiñe Oiarbide Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak hartu zuen hitza, amaitzeko. 2024ko lehen hiruhilekoan 13 milioi euro likidatu dituztela eta udala zor osoa ordaintzeko gai izan dela azaldu zuen hark.

Inbertsioak zerrendatu zituen gero: San Frantzisko eta Santa Klara kaleak oinezkotzea, industriaguneak biziberritzea, Iritako hezegunea berreskuratzea eta "etxebizitza publikoari inoiz emandako bultzadarik handiena". Helburuak zeintzuk diren jakiteko, gainera, "agintaldi planean kontsultatu besterik ez" dutela erantzun zien oposizioko kideei. 

Xabi Txurruka alkateak inbertsio gehiago gehitu zituen Oiarbideren zerrendan, bozkatu aurretik: Torreoiaren zaharberritzea, Vista Alegreko hiru igogailuak, Aldapetako biak, Salbideko parke estalia, komun garbigarriak herrian zehar, Lizardi kirol aretoa, Asti Txikiko obra, Astiko kantina berriaren eraikina, Orokietan haur parkeak, Santa Klara Komentuaren erosketa nahiz Merkatu Plazaren berritzea, esaterako. "Erabat justifikatutako ariketa", Txurrukaren ustez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide