Zilarrezko Euskadi Saria, Xabier eta Martin Etxeberriaren 'Artxipelagoa' komikiarentzat

Intza Trula 2024ko urr. 30a, 17:30

Zilarrezko Euskadi Sarien irabazleak garaikurrarekin, gaur, Donostian egin den sari banaketa ekitaldian. (Donostia Kultura)

Gaur egin dute sari banaketa ekitaldia Donostian. Euskarazko saria Goiatz Labandibarri eman diote, Zoo eleberriagatik, eta gaztelaniazko lanik onenarena Mario Calabresik eskuratu du, Salir de la noche liburuagatik.

Zilarrezko Euskadi Sariak banatu dituzte gaur Donostian, Elkar liburu dendan, eta epaimahaiak horrela ebatzita, Xabier eta Martin Etxeberria anaia zarauztarren Artxipelagoa (Elkar) lanak eskuratu du komiki onenaren saria.

Epaimahaiaren arabera, Artxipelagoa lana “euskarazko euskal komikiaren kalitatearen erakusgarri” da, eta "soinu proiektu bat paperezko komikira egokitzearen emaitza" dela azpimarratu du. EITB Podkast plataforman estreinatu zuten 2021. urtean, eta hiru denboraldiren ostean, entzule gehien izan dituen euskarazko podcasta izatera iritsi da.

Beste bi sari ere banatu dituzte ekitaldian: euskarazko lan onenaren saria Goiatz Labandibar idazleari eman diote, Zoo (Elkar) eleberriagatik; gaztelaniazkoa, berriz, Mario Calabresirentzat izan da, Salir de la noche liburuagatik (Libros del Asteroide).

Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteak urtero banatzen ditu sari hauek, liburu saltzaileen hautatzeko eta gomendatzeko lana aitortzeko helburuarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide