Azaroaren 25a

Egitarau berezia prestatu du Berdintasun departamentuak Azaroaren 25aren harira

Intza Trula 2024ko urr. 29a, 13:30

Artxiboko irudian, Arantxa Urretabizkaia idazlea.

Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunari lotuta, ekintza ugari prestatu ditu Zarauzko Udalak azaroa osoan zehar, Tratu onak, harremanak eraikitzen lelopean.

Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a, eta horren harira, egitarau berezia prestatu du Berdintasun departamentuak Tratu onak, harremanak eraikitzen lelopean. Gaiari lotuta, ekitaldi ugari izango dira azaroan zehar.

"Emakumeek jasaten duten indarkeria matxista identifikatzen jakin behar dugu, eta asko hitz egiten dugu horren inguruan, oso garrantzitsua delako. Dena den, jokabide horiekin apurtzeko eta tratu txarrekin bukatzeko harreman positiboak sortzen ere jakin behar dugu”, azpimarratu du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak. A25erako prestatutako ekintzen barruan, besteak beste, honako galderei erantzuna emango diote: ba al dakigu zeintzuk diren tratu onak? Nola maite dugu geure burua? Non jarri muga tratu txarrak ekiditeko? Zer da onargarria eta zer ez? 

Lehenengo hitzordua azaroaren 4an, astelehenez, izango da. Arantxa Urretabizkaia idazleak hitzaldia eskainiko du Udaberri jubilatuen elkartean, 18:00etan. Zahartze tradizionala albo batera utzi eta emakume helduek dituzten harremanetan sakontzeko helburuarekin antolatu dute saioa. Sarrera doakoa izango da.

Azaroaren 13an, 18:30ean, gazteen gaiari helduko diote Modelo aretoan, Benetan Zabiz programarekin. Zuzeneko podcast bat egingo dute han, gonbidatu sorpresa batekin. Saioaren helburua da gazteek zer nolako harremanak dituzten aztertzea.

Halaber, azaroaren 12an eta 19an Arrate Rodriguez artistaren eskutik orduerdiko bidaia intimo eta artistiko bat bizitzeko aukera izango da Emakumeen Etxean, Nitar izatea izenburupean. 18:00etan izango da, eta sarrerak aurrez hartu ahal izango dira Emakumeen Etxeko webgunean, sare sozialetan, bertara deituta edota korreoz.

Berrikuntza modura, azaroaren 14an eta 21ean, 20:00etan, Querer serie esanguratsua emango dute Modelon. Donostiako zinemaldian estreinatu berri den telesailak lau atal ditu, eta bina kapitulu emango dituzte egun bakoitzean.

Horrez gainera, tratu onen gaia jorratzeko, Berdintasun departamentuak garrantzitsutzat jo du bikoteen eta norberaren harreman erotikoei buruz hitz egitea. Hori lantzeko asmoz, saio bat eskainiko du Aitziber Estonbak azaroaren 18an, 18:00etan, Emakumeen Etxean.

Nerabeei zuzendutako tailer batekin amaituko dute hilabetea. Hain zuzen ere, tratu onei buruzko tailerra emango dute Gaztelekuan, azaroaren 28an, 18:00etan.

Programa osoa honako lotura honetan kontsulta daiteke. Modelo aretoko hitzorduen sarrerak gonbidapenen bidez lortu ahal izango dira, eta ordubete lehenago banatuko dituzte leihatilan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide