EH Bilduk Salberdingo urbanizazioa "biguntzeko" eskatu dio udal gobernuari. Izan ere, Salberdin eremuko iparraldeko urbinizazio lanekin "kezkatuta" agertu da taldea eta, beraz, hura "bigundu" eta hegoaldekoa "desberdina" izan dadin eskatu dio udal gobernuari.
EH Bilduk dioenez, Europako herrialde desberdinetako hiri garapen berrietan landarediaren eta azalera iragazkorren kopurua handitzeko irizpideak hartzen dira kontuan. Estrategia horrek teilatu berdeak, landare-hormak, zuhaitzak eta hiri-lorategiak sortzea sustatzen du, "hiria edertuz eta airearen kalitatea eta euri-uraren kudeaketa hobetuz".
Salberdin eremuko iparraldeko urbanizazioan berdegune "gutxiegi" dagoela salatu du udal taldeak; horregatik, jadanik eraikita dagoen zati “gogorra” eraldatu eta “biguntzea” eskatu du. Era berean, hegoaldeko eremuan "egungo hiri garapena kontuan hartuko duen urbanizazioa diseinatzea eta herritarrentzat atseginagoa izango den eta berdegune gehiago izango dituen auzoa egitea" eskatu dio udal gobernuari.
EH Bilduk dioenez, "herri erdian geratu den auzo berriak" urbanizazio “xamurrago” bat izan beharko luke, eta aldaketak egiteko "oraindik garaiz gaude". “Herriko beste auzo batzuetan urbanizazioen eta berdeguneen arteko oreka lortu da, eta Salberdin auzoan ere hau horrela izatea nahiko genuke”, gehitu du.