Hauspoz Euskal Akordeoi Elkarteak antolatuta, aurten ere Francisco Eskudero Akordeoi Konposizio Lehiaketaren hamazazpigarren edizioa ospatu dute, 35 nazionalitatetako 100 konpositore baino gehiagoren parte hartzearekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten inoiz baino parte hartzaile gehiago izan ditu lehiaketak, eta horrek "jaialdiaren nazioarteko garrantzia berresten lagundu du".
Sari banaketa ekitaldia igande honetan izango da, 12:00etan, ohi bezala, Zarauzko Modelo aretoan. Gainera, antolatzaileek gehitu dute saio horretan bi estreinaldi entzuteko aukera izango dutela bertaratzen direnek. Zehazki, iazko edizioko garaileek idatzitako obrak izango dira entzungai, baita Marta Cubas eta Elisa Ruiz akordeoi jotzaileek osatutako Éire bikoteak Eskudero maisuaren omenez eskainiko duten Piano eta Orkestrarako Euskal Kontzertua ere.
Estreinatuko duten lehen obra neither... nor... izango da, akordeoi eta hari hirukoterako. Obra horrek irabazi zuen XVI. Francisco Escudero Akordeoirako Nazioarteko Konposizio Lehiaketa, Arsen Babajanyan armeniar musikagileak idatzitakoa. Ondoren, akordeoi orkestrara moldatutako Jan Foote konpositorearen Around Again interpretatuko dute hainbat musikarik: Jéssica Reisek, Kevin Josue Merchánek, Nino Khocholavaek, Adreina Sanchezek, David Gordok, Juan Matiasek, Marta Cubasek, Garazi Navasek, Jessica Reisek, Pedro Rolaok, Maitane Arretxek, Elisa Ruizek, Arantza Aguirrek eta Maria Zubimendik.