Adarretatik musika jaialdiaren "balorazio oso positiboa" egin du antolakuntza taldeak

Mikel Unzurrunzaga 'Makala', Enbor Akzio Kulturala elkartea 2024ko urr. 8a, 09:00

Zazpigarrena igarota, Enbor kultura elkartea zortzigarren edizioari begira dabil dagoeneko. Antolaketa taldeak azken edizioaren inguruan idatzitako eskertza gutuna da honakoa. 

Zarauzko Adarretatik musika jaialdiaren zazpigarren edizioa, joan den asteburuan ospatutakoa, arrakastatsua izan da erabat. Zarauzko herrian zehar antolatutako hitzorduek, hala nola Musika Plazan, Kale Nagusian, Munoa Plazan eta Modelon, erantzun ona jaso dute bertan bildu den publikoaren aldetik. Adin eta munduko txoko desberdinetako milaka pertsona iritsi ziren joan den asteburuan Zarautzera, eta horiek aukera izan dute musika ederra entzuteko herrian.

Askotariko musika estiloz gozatzeko aukera izan du ikuslegoak, besteak beste Bartzelonako DJ Txarly Brown-k biniloekin eskainitako musika jamaikarra, Esanezin talde gaztearen euskal pop elegantea, Michel Claveroren ahotsak ordezkatutako Nacion Funk Soul Station talde kataluniarren musika dantzagarri eta dibertigarria, Bilboko Crazy Jazzers taldearen Swing-Jazz dotore eta mehea, Mendaro Munlet bikotearen Electro-Punk proposamen sendoa, Tito Ramirez eta Los Verdaderos Reales de Madridek sortutako Latin-Boogaloo eta Mambo-Rock doinu txundigarriak, Anwolt eta Xiarromanen freskotasuna, eta azkenik, Audience talde beterano gernikarrak eskainitako rock kontzertu itzela, edizioa amaitzeko modu ezinhobea. 

Antolakuntza taldetik egindako balorazioa oso positiboa da, eta zazpigarrena pasata, Enbor kultura elkartea zortzigarren edizioari begira dabil dagoeneko. Eskerrak eman nahi dizkiogu Zarauzko Udalari, Kultura Zarautzi, Turismo Zarautzi, Katapulta plataforma musikalari, Sei soinu eta argiztapen enpresari, Gaztea irratiari, Zuzeu atari digitalari, San Francisco 33 bokategia, Itur-ondo taberna eta Hotel Zarautzi eskainitako babes eta kolaborazioagatik. Eta noski, Adarretatik musika jaialdiaren zazpigarren ediziora gerturatu diren guztiei. Eskerrik asko, denoi!

(Argazkiak: Adarretatik)

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide