Futbol denboraldiko talde berriak aurkeztu dituzte Astin

Julene Sorarrain 2024ko urr. 2a, 12:00

Euskal Ligako nahiz Erregional Mailako jokalariak, entrenatzaileak eta Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia Astiko zelaian. (Mireia Galarza Bastida)

Bi talde berrirekin ekin dio sasoiari Zarautz Kirol Elkarteak: senior nesketan, Erregional Mailako taldea sortu dute, eta jubenil mutiletan, laugarren taldea.

Zarautz Kirol Elkarteko futboleko sailak 2024-2025 denboraldiko aurkezpena egin zuen joan zen ostiralean Astiko zelaian. Bertan izan ziren denboraldi berriko jokalariak, entrenatzaileak eta Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia.

Aurtengo denboraldiari begira, bi talde berri gehitu dira futbol elkartera. Batetik, emakumeetan, senior mailan, bigarren talde bat osatu dute Erregional Mailan jokatzeko. Talde horren entrenatzaileak Ane eta Ander Mujika anai-arrebak izango dira.

Zuzendaritzak aspaldi nabaritu zuen gero eta neska gehiago zeudela elkartean, eta "beharrezkoa" ikusi dute senior mailan bigarren taldea eratzea. Izan ere, azpimarratu zuten kadete mailatik senior mailara igarotzean, emakume guztiak ez direla egoten "prest" Euskal Ligan jokatzeko. Beraz, tarteko maila bat sortu dute horientzat: "Jokalari ia denak harrobikoak dira, zarauztarrak. Ikusi dugu taldean giro polita dagoela, baina oraindik lana dago egiteko. Hori bai, erronka oso polita da".

Euskal Ligako taldeari dagokionez, hura Alberto Izquierdok entrenatuko du aurten. Iraia Arozena jokalariak adierazi zuen "oso motibatuta" daudela denboraldi berriari begira: "Gure artean bat egin dugu, eta horrek asko laguntzen du, bai partidetan eta baita zelaitik kanpo ere. Asko laguntzen gara gure artean".

Mutiletan lau talde

Bestetik, mutilen kasuan, laugarren taldea eratu dute jubenilen mailan jokatzeko. Izan ere, Zarauzko mutilen artean eskaera handia dago futbolean jokatzeko, eta horren harira, talde berri bat sortu behar izan dute. Hori horrela, jubenilen lehenengo taldea Jaime Coladok eta Ander Irigoienek entrenatuko dute; bigarren taldea, berriz, Jon Jabatek, Jon Garciak eta David Singletonek: hirugarrenean, Julian Luis Alvarez eta Manolo Villar izango dira entrenatzaileak; eta azkenik, laugarren talde berrian, Luis Dominguez, Tomas Lozano eta Josu Ugalde ariko dira gidari. Bestalde, senior mailako mutilak Joseba Rotetak eta Mikel Arregik entrenatuko dituzte.

Jubenilen talde berriak Iraetako zelaian (Zestoa) entrenatuko du denboraldi honetan, Astiko instalazioak "beteta" daudelako. Gainera, jokalariei autobuseko joan-etorriak ordaintzea adostu dute elkarteko kideek eta Zarauzko Udalak.

Illarramendik gehitu zuen datorren urtean Astiko berrikuntza lanekin hasi nahi dutela, 2025-2026 denboraldirako dena prest izan dezaten: "Ikusi dugu gero eta talde gehiago ditugula elkartean, eta instalakuntza aldetik, behar gehiago ditugu orain. Gure partetik, proiektu bat martxan dugu datorren urtean zelaiko belarra artifiziala izan dadin. Hainbeste talde ditugunez, guztiek baldintza egokietan entrenatzea da gure helburua".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide