Zarauzko Euskal Jai Eguna 2024

Ehungarrena, berezia

Mireia Galarza Bastida - Intza Trula 2024ko ira. 9a, 16:00

Euskal Jai Eguna ospatzen ari dira goizean goizetik Zarautzen. Adin guztietako herritarrek gozatzeko moduko goiza izan dute herrian: hala nola musika zein dantza emanaldiak, orga lehiaketa, karrozen erakusketa eta jan-edana izan dira nagusi arratsaldera bitartean.

Irailaren 9a da gaur, zarauztarrentzat egutegian gorriz markatutako eguna, Euskal Jai Eguna. Maitasun berezia diote herrian egun honi eta, aurten gainera, are bereziagoa ari dira izaten; izan ere, 100 urte bete dira Zarautzen Euskal Jai Eguna ospatzen hasi zirenetik. Kontuak kontu, goizean goizetik haur, gazte zein heldu mordoa ikusi da kaleetan, baserritar jantziak soinean zituztela eta festaz gozatzeko pronto.

Ia eguzkia ateratzearekin batera hasi dute eguna Zarautzen, dianarekin. Jarraian, Goiztarrak taldeak eta Gure Boza otxoteak hartu dituzte kaleak eta txistulariek, trikitilariek, dultzaineroek eta Iturengo tunturroek musikaz girotu dute goiza. Beranduago, mendeurrena dela medio, herriko hainbat eragile omendu dituzte Lege Zaharren enparantzan. Halaber, 10:30ean, Frantziskotarren elizan meza nagusia egin dute, eta amaitzean Frontoi Txikin Goiztarrak taldearen eskutik pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak izan dira. Goiz osoan zehar gainera, pottoken gainean ibiltzeko aukera izan dute haurrek Arrosategi parkean.

Eguerdi partean, ohitutari jarraituz, jendetza pilatu da Munoa plazan, Alproja taldearen Ehun urte zain antzezlanaz gozatzeko. Lege Zaharren enparantza, berriz, kolore guztietako eta mota guztietako orgez bete da, orga lehiaketaren harira. Aurtengo sariketan Txomin Astigarragaren orgak eskuratu du lehen postua –500 euro eta oroigarria–. Bigarren sailkatua Celia Illarramendiren orga izan da –300 euro–, eta Julen Manterolaren orga geratu da hirugarren –200 euro–. Sari nagusiez gain, parte hartzaile guztiek jaso dute 150 euroko saria, udalak horrela erabakita.

Ondoren, ezohiko hitzordu izan da Musika Plazan; izan ere, Karrozen Lehiaketa antolatu du udalak mendeurrenaren harira, eta bertan hautatutako lau karrozak aurkeztu dituzte 13:30ean han: Jose Maria Zuazobidek, Jose Luis Lasak, Iñigo Arrillagak eta Juan Antonio Mendizabalek egindakoak, hain zuzen ere. Karrozen ordezkariek oroigarri bana jaso dute udal ordezkarien eskutik.

Arratsaldean ere izango da festarako aitzakia Zarautzen, eta honakoa da egitaraua:

  • 17:30. Musika Plazatik Iñurritzara kalejira, trikitilari, dultzainero eta txistulariekin.
  • 18:00. Iñurritzan, haurrentzako herri-kirolak Kulki taldearen eskutik.
  • 18:30. Iñurritzako zelaian, erromeria Bide Batez taldearekin.
  • 20:00. Iñurritzan, Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin.
  • 20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika Plazara.
  • Ondoren, Musika Plazan, erromeria trikitilariekin.
  • 22:00. Munoan, dantzaldia Iratzar taldearekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide