Iraia Elias aktore zarauztarra da Non dira haurrak? Jokin Oregik idatzi eta zuzendu duen helduentzako antzezlan berriaren aktoreetako bat. Zortzi urte ditu Maddik, eta bere buruaz beste egiten saiatu da. Hain justu, istorio hori oinarri hartuta sortu du lana Oregik, eta antzerkizaleek aurki izango dute proiektuaz gozatzeko aukera; izan ere, hilaren 28an eta 29an –larunbatean eta igandean– estreinatuko dute lana, Bilboko BBK aretoan.
Atzezlana haur baten istorioaren bueltan sortu dute, baina, hala ere, oholtza gainean antzezten jardungo duten aktore guztiak helduak izango dira, haurraren inguruan dauden eta, beraz, inguruan duen gizartearen erretratu koral bat egitea izan baita Oregiren helburua.
Tartean teatroak eta BBK Aretoak ekoitzi dute lana, eta Eliasekin batera, Getari Etxegaraik, Javier Barandiaranek, Iñigo Aranburuk, Ruth Guimerak eta Irene Zarrabeitiak egingo dituzte aktore lanak. Iraileko azken asteburuko estreinaldiaz gainera, urriaren 4an, 5ean eta 6an ere emango dute lana, gazteleraz, eta saio horietan Sandra Ferrus aktorea arituko da Eliasen ordez.