Itziar Alberdi: "Diziplina askotako emanaldia izango da bihar arratsaldekoa"

Mireia Galarza Bastida 2024ko ira. 5a, 13:00

Itziar Alberdi, Ondartza taldeko kidea. (Mireia Galarza Bastida)

Zarauzko Ondartza taldea berriro igoko da oholtzara, mende erdiz geldirik egon ostean. Ekainaz geroztik lanean ibili dira bertako kideak, eta omenaldi bat ere prestatu dute ostiraleko hitzordurako.

Orain dela 50 urte baino gehiago desagertu zen Zarauzko Ondartza kultur taldea, herriko plazak dantzaz eta abestiz nahikoa bete ondoren. Euskal Jaien harira, hainbat taldekide berriro elkartu dira, tartean Itziar Alberdi (Zarautz, 1944), eta emanaldia eskainiko dute bihar, ostirala, Lege Zaharren Enparantzan, 19:00etan.

Hainbeste urte eta gero, urduritasuna nabarituko duzue, ezta?

Bai, baina normala dela iruditzen zait, nire kasuan 25 urte badirelako oholtzara igotzen ez naizela. Gainera, denok adinekoak gara, 70 eta 80 urte bueltan ditugu, eta konplexutasuna areagotzen du horrek.

Azken entseguekin ibili gara orain arte, eta esango nuke, hasieran egiten genuenarekin alderatuta, hobetu egin dugula emanaldia. Dena dela, gure dantza irakasleak esaten digu oraindik gauza bat falta zaigula: barre egitea. Hori ere urduritasunak eragiten duen zerbait da, baina irakasleak dio jendeak ez duela hori igarri behar. Saiatu, saiatuko gara gauzak ahalik eta ondoen egiten, eta ahalegina egiten duenari ezin zaio gehiago eskatu. Espero duguna da jendeari gustatzea.

Nola sortu zitzaizuen emanaldia egiteko aukera?

Turismo bulegotik deitu ziguten maiatza amaieran, mendeurrena dela-eta emanaldi bat eskaintzeko proposamena eginez. Bertako langileekin elkartu ginen, eta hasiera batean, gure emanaldia Euskal Jai Egunean egiteko eskatu ziguten. Egia esateko, baina, egun horretan bakoitzak bere ohiturak ditu, eta dugun adinarekin ez du merezi horiek aldatzen hastea. Beraz, taldearekin kontrastatu eta gero, erantzun genuen egun horretan ezetz, baina Euskal Astean zehar egingo genuela zerbait, abesti batzuk kantatu edo. Egiari zor, bilera asko egin ditugu, eta horietan guztietan erabateko askatasuna eman digute nahi duguna egiteko. Behar izan dugunetan ere laguntzeko prest egon dira turismo bulegokoak.

Zenbat lagun igoko zarete oholtzara?

36 bat izango gara, horietatik hogei bat emakume eta hamabost gizonezko. Gaztelekuan elkartuko gara, emakumeak lehenago buruzapiak jartzeko, eta handik, denok batera, kalejira egingo dugu plazara iritsi aurretik, bi ikurrinekin. Horietako bat gurea da, eskuz bordatutakoa, pila bat pisatzen duen horietakoa. Horregatik, beste ikurrin bat ere eramango dugu. Plazara iritsita, horiekin apainduko dugu gunea.

Diziplina askotako emanaldia izango da gaurkoa, eta bakoitzak bere zereginak izango ditu: dantzak izango dira, abestiak ere bai, eta txistulariak ere entzungo ditugu. Emakumeok, adibidez, lau dantza egingo ditugu, ez oso zailak, baina politak, eta horietako batzuk abesbatzarekin batera gauzatuko ditugu. Abestiei dagokienez, zerrenda bat aukeratu dugu, eta batzuk egokitu egin ditugu, gure erara. Izan ere, gure ahotsak ez dira lehen bezain indartsuak, eta horrek moldatzea eskatu digu. Ez pentsa, ez da hain erraza denok batera erritmoa mantentzea. Amaieran, Agur Jauna abestuko dute batzuek.

Omenaldi bat ere izango da.

Bai. Ondartza taldea baino lehenago herrian bazegoen gurearen antzeko talde bat, Irrintzi, eta horiek izan ziren gure erreferenteak. Batzuk oraindik bizi direnez, omenaldi txiki bat egin nahi diegu, gure esker ona adierazteko. Pixka bat kostatu zaigu horien arrastoa ateratzea, baina handik eta hemendik, liburuetan begiratzen edo jendearekin hitz eginda, lortu dugu beraiengana iristea. Guztira, Irrintziko hamalau bat kide etorriko dira, eta opari txiki bat egingo diegu. Bertsoak ere izango dira beraientzat.

Hainbeste zereginekin, noiz hasi zineten entseguekin?

Maiatzean proposamena jaso, eta handik hilabetera hasi ginen entseguak egiten dantzariok, musika eskolako geletako batean. Gerora, uztailean, abesbatza ere gehitu zitzaigun, eta orduan hasi ginen astelehen eta asteazkenetan elkartzen, goiz eta arratsalde. Abuztuan pare bat astez atseden hartu genuen, eta gero berriro jarraitu genuen lanean. Hasieran nahikoa lan izan genuen, kostatu zitzaigun, baina pixkanaka-pixkanaka joan ginen neurria hartzen, emanaldi polita osatu arte. Izan ere, beti falta da norbait, adibidez, medikuarena joan behar duelako edo, eta hutsune horiekin lan egitea ez da erraza. Denborarekin ere izan ditugu gure lanak, asmoa baitzen 50-60 minutuko emanaldia eskaintzea, eta batzuetan luzatu egiten ginen.

Gazteenek ez dute agian ezagutuko, baina zuen taldeak indarra izan zuen herrian, ezta?

1963an sortu genuen Ondartza. Hasiera-hasieratik izan nintzen ni taldearen parte, nahiz eta gero utzi egin behar izan nuen, gazteagoak sartu ahala. Herriari bizia ematen zion Ondartzak, eta beti helburu bera izan zuen: euskal kulturaren tradizioa eta ohiturak bizirik mantentzea.

Emanaldi asko eskainitakoak gara gu, bai Zarautzen, eta bai beste hainbat txokotan ere. Izan zitekeen hondartzan, mendian... gu leku guztietan ibiltzen ginen, ondo pasatzen genuen elkarrekin. Garaiak ere beste batzuk ziren, baina berdin zitzaigun, gure helburua zen euskal kultura ez galtzea. Ezin zela ikurrina eraman? Ez genuen eramaten, baina dantzan egiten genuen. Ez zitzaigun arazoetan sartzea gustatzen, inor mindu gabe ibili nahi genuen.

Kuadrilla handi bat zineten, eta denetik egiten zenuten.

Bai. Esan bezala, ekintza asko egiten genituen, eta gerora taldea desagertu bazen ere, bertako hainbat kidek elkarrekin geratzen jarraitu zuten. Pentsa, bikote asko ere atera ziren Ondartza taldetik. Nik hasieran, familiagatik eta, utzi egin nion taldekoekin egoteari, baina orain dela urte batzuetatik beraiekin elkartzen naiz otorduak egiteko. Gaurkoan saiatuko gara garai batean plazaratzen genuen giroa sortzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide