Euskal Jaien mendeurrenaren harira Karroza Lehiaketa antolatu du aurten Zarauzko Udaleko Turismo, Ekitaldi eta Jaietako Departamentuak, baina baita ohiko orga lehiaketa ere. Euskal Jai Egunean izango da, eta Zarautzen erroldatuta dagoen orok parte har dezake. Izen ematea Turismo Bulegoan egin behar da; izena emateko epea irailaren 8an, igandean, 13:00etan amaituko da.
Izena emandakoan zenbaki bat jasoko du parte hartzaile bakoitzak, eta zenbaki hori erakusgarri eduki beharko du lehiaketaren egunean. Orga atontzeko eta apaintzeko gaia librea da, baina euskal kulturaren edo Euskal Jaietako ohiturekin lotuta egon behar da.
Halaber, udalak jakiarazi du ez direla onartuko supermerkatuetako karroak, eta ezingo dutela inolako publizitaterik egin. Era berean, iaz aurkeztutako orgak ez dituzte baloratuko.
Zarauzko Udalak guztira 2.300 euro banatuko ditu aurten saritan: irabazleak 500 euro jasoko ditu, bigarrenak 300 euro eta hirugarren sarituak 200 euro. Gainontzeko dirua –1.300 euro–, epaimahaiaren iritziz nahikoa maila ematen duten orga lehiaketako gainerako parte hartzaileen artean banatuko dute –sari bakoitza gehienez 150 eurokoa izango da–.
Parte hartzaileek 13:00etarako aurkeztu beharko dituzte orgak Lege Zaharren enparantzan, eta orduan egingo dute sari banaketa.
Iaz, Julen Manterolak eta bere taldeak irabazi zuten Euskal Jai eguneko orga lehiaketa.