Epaimahaiak horrela erabakita, Lizartza (Gipuzkoa)-Andoaingo (Gipuzkoa) Onditz Esnaolak eta Jurgi Errandoneak osatutako bikotea da aurtengo Gazteen Binakako Dantza Txapelketako irabazlea. Euskal Astearen barruan, Helduen Dantza Txapelketa jokatu zuten astelehen arratsaldean eta, atzo, hain justu, gazteen txanda izan zen. Asteleheneko sariketaren moduan, eguraldi txarraren ondorioz Modelo aretoan jokatu zuten atzoko sariketa, Lege Zaharren enparantzan egin beharrean.
Hamar bikote aritu ziren oholtza gainean txapela lortzeko lehian. Esnaolak eta Errandoneak 140 euro eta txapel eta garaikur bana eraman zituzten etxera. Bigarren postua –120 euro–, Zizurkil (Gipuzkoa)-Asteasuko (Gipuzkoa) Nora Davilarentzat eta Julen Lertxundirentzat izan zen, baita jantzi egokienaren saria ere –80 euro–. Hirugarren postua–100 euro–, berriz, Hegoa Aizpuru eta Izaro Arandia azpeitiarrek eskuratu zuten.