Erremontearen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da datorren asteburuan Zarautzen

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 30a, 12:30

Malekoian egin zuten erremonteko txapelketaren aurkezpena. (Juan Luis Romatet)

Datorren ostiralean, larunbatean eta igandean jokatuko dituzte Aritzbatalde frontoian Jai Alai Zarautz erremonte txapelketako partidak. Zaletuak frontoira erakartzeko asmoz, gonbidapenak banatu ditu Oriamendi enpresak herriko zenbait lekutan.

Hirugarren urtez jarraian, erremonteko partidak hartuko ditu Zarauzko Aritzbatalde frontoiak. Abuztuaren 2, 3 eta 4an Jai Alai Zarautz erremonte txapelketa jokatuko dute Zarauzko pilotalekuan. Ostiralean eta larunbatean finalerdiak jokatuko dituzte, eta finalak igandean. Jardunaldi guztiak 18:00etan hasiko dira.

Atzo arratsaldez egin zuten txapelketaren aurkezpena. Zarauzko udaletxean bilduta, Malekoirako bidea hartu zuten pilotariek, txapelketa antolatzen duen Oriamendi enpresako arduradunek eta udal agintariek, Zarauzko alkate Xabier Txurruka buru zutela. Udal agintariak arrakastatsutzat jo zituen txapelketa honen aurreko bi edizioak, 2022 eta 2023koak, eta Aritzbatalde erremonteaz gozatzera joango den jendeaz beteko dela espero duela esan zuen. Zarauzko pilotalekuan erremonteko partidak jokatzeko proposamena iritsi zitzaionean, pilotaleku horretan pilota modalitate hori ea nola jokatuko zuten zalantzak izan zituela ere esan zuen. "Aritzbatalde ez da frontoi luzea, ohikoa da. Orduan, nola moldatuko ziren? Bada, ikuskizun bizi-bizia izaten da, material bereziarekin. Gomendagarria da frontoira hurbiltzea erremontearen ikuskizunarekin gozatzeko", adierazi zuen Txurrukak.

Bi egun, bi multzo

Jai Alai Zarautzen aurtengo edizioan arituko diren hamasei erremontistak bi multzotan banatuko dituzte. Lau bikote arituko dira multzo bakoitzean, eta ostiralean eta larunbatean finalerdiak jokatuko dituzte. Jardunaldi bakoitzeko irabazleak igande arratsaldean jokatuko diren finaletan neurtuko dira.

Partidak 15 tantoko bi setetara jokatuko dira. Jokotan berdinketa bada, 8 tantoko set labur bat jokatuko dute, berdinketa hausteko.

Txapelketan izango diren gurutzaketak hauek izango dira:

Abuztuaren 2an, 18:00etan.
  • Jabalera-Apezetxea vs Gurrutxaga-Zaldua I.a
  • Ansa II.a-Juanenea vs Ezkurra II.a-Barrenetxea IV.a
Abuztuaren 3an, 18:00etan
  • Segurola-Zubiri vs Goikoetxea V.a-Martirena
  • Urriza-Larrañaga vs Aldabe-Azpiroz

Gonbidapenak eta zozketak

Aurkezpenean Oriamendi enpresako Xabier Gonzalezek jakitera eman zuenez, pare bat mila gonbidapen banatu dituzte herriko leku batzuetan (Turismo Bulegoan, Kanpinean, herriko zenbait saltokitan...) txapelketako partidak doan ikusi ahal izateko. Gonbidapenik ez, eta erremonteko lehiak frontoian ikusi nahi dituztenek, Aritzbataldeko leihatilan izango dituzte sarrerak salgai, 5 euroan.

Horretaz gain, Gonzalezek gaineratu zuen erremonteko materialaren zozketa egingo dutela jardunaldi bakoitzean. Saski, kamiseta eta pilota bana zozkatuko dituzte txapelketak iraungo dituen hiru egunetan, frontoian bertan. Gonbidapenetan eta sarreretan dauden zenbakiek balioko dute horretarako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide