Olinpiar Jokoak 2024

Nadia Erostarbek Shino Matsuda izango du aurkari gaur

Maria Maya Manterola 2024ko uzt. 29a, 15:45

Andy Criere, Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez Etxabarri Jokoen inaugurazioan. (ISA / Beatriz Ryder)

Gaur iluntzean jokatuko du hirugarren kanporaketa, 02:12an. Modelo aretoan emango dute surf jardunaldia, dohainik, 23:30etik aurrera.

Nadia Erostarbe larunbatean sailkatu zen zuzenean gaur iluntzean jokatuko duen Olinpiar Jokoetako hirugarren kanporaketara. Bart jokaturiko jardunaldiaren ondoren, argitu da nor izango duen aurkari, eta, hala, Shino Matsuda japoniarraren aurka ariko da buruz buru, bosgarren txandan. Aurreikuspenen arabera, 02:12 aldera uretaratuko zarauzko surflaria final-laurdenetarako txartela buruan duela.

Larunbatean bezalaxe, Zarauzko Udalak zuzenean eskainiko du Erostarberen lehia Modelo aretoan. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete bitartean, eta ateak 23:30ean zabalduko dituzte.

Gonzalez Txabarrik agur

Bigarren kanporaketara arte iritsi da Janire Gonzalez Etxabarri Parisko Olinpiar Jokoetan. Teahupo'oko (Tahiti) uretan ari dira jokatzen surf probak, eta larunbateko jardunaldiaren ondoren, bart izan du bigarren aukera zumaiarrak. 

Anat Leilor israeldarra izan du aurkari bigarren kanporaketako zortzigarren mangan. Gonzalez Etxabarrik 2.80 puntu eskas lortu ditu (2.50 eta 0.30), Leilorren 11.00 punturen aldean. Bigarren kanporaketa horretan bigarren puntuazio altuena lortu du Leilorrek, Johanne Defay frantziarraren ondoren. Beraz, zumaiarrak bart jokatu du Jokoetako azken jardunaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide