Ostatu turistikoak arautu bitarteko baimen moratoriari ezezkoa

Aritz Mutiozabal 2024ko uzt. 27a, 10:00

Uztaileko osoko bilkura. (Gorka Eizagirre)

Uztaileko osoko ohiko bilkura egin zuten asteartean, eta azken puntuan, EH Bilduk aurkeztutako etxebizitza eta apartamentu turistikoen mozioa izan zuten aztergai. EAJk eta PSE-EEk proposamenaren aurka bozkatu zuten.

Zeresana eman zuen EH Bilduk astearteko udalbatzarrean aurkeztutako mozioak. Koalizioak herriko eskaintza turistikoa eta ostatu turistikoen baimen moratoria onartzeko proposamena jarri zuen mahai gainean, "etxebizitza turistikoen hazkunde neurrigabearen aurrean, horiek arautzea eta bitartean baimenik ez ematea" argudiatuta. Udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiek ezezkoa eman zioten, gaiaz luze hitz egin ondoren, eta, hala, mozioak ez zuen aurrera egin.

Zarauzko Udalak etxebizitzaren egoerari eta etxebizitza nahiz apartamentu turistikoen eraginari buruzko azterlanaren arabera, azken bost urteetan, 212 etxebizitza turistikotatik 129 ireki dira, eta 28 apartamentu-turistiko multzoetatik hamabi. Datu horien aurrean, kezkatuta agertu da EH Bildu: "Horrek etxebizitzak merkaturatu eta ohiko alokairura bideratzeko ekartzen dituen zailtasunak eta etxebizitzaren prezioen igoeran eta herritarren bizitzetan duen eragina nabarmena da".

Zentzu horretan, argi dauka hotel, apartamendu eta etxebizitza turistikoen hedapena "arautu eta mugatu" egin behar dela herrian, "berandu izan aurretik". Gainera, "arautzeko lanketa egiten den bitartean, lizentziak emateari ere utzi egin behar zaiola". Zarauzko turismoa jasangarria eta orekatua izatea nahi bada, "herriko turismo-karga ahalmena gauzak okertzera iritsi aurretik" neurtu egin behar dela, eta eta mozioan proposatutako neurriak "pauso garrantzitsuak" zirela irizten dio koalizioak.

"Arinkeriaz"

Zarauzko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi Garbiñe Oiarbideren ustetan, Zarauzko Etxebizitzaren Egoeraren azterlanean argitaratutako datuen "erabilera interesatua" egiten du EH Bilduk, "zenbateko eta portzentaje deigarriak azalduz”. Hirigintza zinegotziak, gainera, argi utzi zuen ohiko bilkuran EH Bilduk bazekiela Udal Gobernuak moratoria hori lantzeko asmoa eta borondatea badituela.

“Nik neuk esan nizuen, eta horrekin batera, alarmarik pizterik ez nuela nahi erabakia hartzeko moduan egon arte. Diskrezioz landu nahi nuela, ez nuelako nahi etxebizitza turistikoen eskariak etortzea debekua jarriko denaren beldurragatik", gogoratu zien Oiarbidek. Haien bide-orria koalizioko kideekin partekatu dut zuela ere nabarmendu zuen, hau da, azterketa egin, azterketa ezagutzera eman eta hausnarketa prozesu partekatu bat martxan jarri nahi dute araudia aldatzeko, "Eudelen barruan egiten ari garen lanketaren bidez".

Moratoriak ez direla betiko zehaztu zuen Hirigintza zinegotziak, "muga bat" dutela eta "aurretik gauzak ongi prestatu" behar direla. Zentzu horretan, adierazi zuen "arinkeriaz, arduragabekeriaz eta zarauztarren mesedetan baino zuen etekin politikoa lortzeko” aurkeztu zuela oposizioak mozioa.

"Hazkundea geratu"

EH Bilduren udal taldeko bozeramaile Itziar Muruak arrazoitu zuen "hazkunde hau geratzea" dela haien nahia: "Hori bideratzeko modu bakarra mozio bat aurkeztea izan da. Herritarren kezketako bat dela uste dugu, eta horregatik, guk behin baino gehiagotan adierazi dugu horretarako beharra ikusten dugula". Aldi berean, koalizioak adierazi du "penaz" hartu duela udal gobernuaren erantzuna.

PSE-EE udal alderdiko kideek begi onez ikusten dute moratoria bat ezartzea garapen bidean egon daitezken etxebizitza eta apartamentu turistikoentzat, betiere mekanismo erregulatzaile egokiak bilatu bitartean. Hala eta guztiz ere, ez zuten bat egin EH Bilduren egiteko moduarekin. 

Zarauzko alderdi sozialistaren bozeramaile Gloria Vazquezek esan zuen etxebizitzaren gaia "jende askori" kezkatzen diola, eta beharrezkoa dela agente ugariren elkarlana. "Ez da erraza eta fronte asko ditu. Hori horrela, konponbidea analisitik eta debate sosegatu batetik etorri behar du, eta horrela egingo dugu. Edonola ere, gauzak ez dira mozio kolpez egiten".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide