Iker Itxaso: "Xumea izanagatik, keinu bat da egindako proiektu polit honi"

Aritz Mutiozabal 2024ko uzt. 12a, 10:00

Zarauzko Basor lantegian Derlan motoak ekoizten hasi zirela 70 urte betetzen direla eta, bihar urteurreneko ekitaldia egingo dute herrian. Iker Itxasok (Zarautz, 1987) eman ditu azalpenak. 

Derlan motoak ekoizten hasi zirela 70 urte bete diren honetan, festa egitea erabaki duzue. Noiz heldu zenioten antolakuntzari?

Iazko urte bukaeran konturatu ginen 70. urteurrena betetzen zela Derlan motoak Zarautzen ekoizten hasi zirenetik. Hala, zerbait antolatzea erabaki genuen. Gaur egun, herritik kanpo bizi naiz ni, eta udarako itzultzen nintzenean, egun erdiko egitaraua osatzea hitzartu genuen.

Aspalditik neukan Derlan topaketa egin eta herrian buelta bat emateko gogoa. Aitzakia ederra iruditu zitzaigun urteurrena, eta horren harira hasi ginen lanean; udalarekin harremanetan jarri ginen, baita Derlan moto jabeekin ere. Zabaldu genuen mezuak erantzun ona izan zuen, baina baimen kontuak tarteko, kontua asko luzatu da, eta kanpotik etortzekoa zen jendeak arazoak izan ditu. Orduan, inguruko Derlanak elkartuko gara... Hamar bat izateko ilusioa neukan, baina, azkenean, bost izango gara.

Nola egituratu duzue eguna?
Aurrena herriari itzulia emango diogu motoan, eta, ondoren, Lege Zaharren Enparantzan igaroko dugu goiza. 2018an, Sanz Enea kultur etxean jarri genuen erakusketa bera Merkatu plazako lehen solairuan ezarriko dugu; printzipioz, larunbat goizean ikusteko aukera izango da, eta gero, astegunetan, egunero bisitatu ahal izango da, 18:00etatik 20:00etara. Beraz, motoekin 11:00 aldera plazara iristean, elkarrekin erakusketa ikusteko asmoa dugu.

Jardunaldia borobiltzeko, 12:30ean, solasaldia izango da EHUko irakasle Igor Etxaberekin, Xabier Alberdi historialariarekin eta Juan Mari Iraolarekin. Beraz, lauron artean, duela 70 urteko Zarautzen kokatuko gara eta garaiko lehen ibilgailuak zeintzuk izan ziren –matrikulatzen aurrenak– eta halakoak azaltzen saiatuko gara. Momentuz, motoak Cazalis zapata dendaren aurrean jarriko ditugu, eta solasaldia bertan egingo dugu, eguraldiak laguntzen badigu. Egitarau xumea izanagatik, keinu bat da egindako proiektu polit honi.

2018a giltzarri izan zen zuretzat; izan ere, Derlani buruzko erakusketa eta dokumentala landu zenituen, Basor lantegiko langileekin.

Hala da, bai. Orain, kanpoan bizi naizen honetan, ez dakit aipatu langile horiek denak bizirik jarraitzen ote duten. Badakit bat edo beste zendu zirela, baina gainerakoen berri ez dut. Edonola ere, larunbata bitartean haiekin harremanetan jarriko naiz, eta komunikabideen bidez ere jakinaren gainean izango direla espero dut. Denek 80 urtetik gora dituzte, eta, jakina, polita litzateke haiek animatu eta guztiok larunbatean elkartzea garai hura nolakoa izan zen gogoratzeko. Guztiok dugu zer emana eta zer gehitua, baina, batez ere, moto horiek ekoitzi zituztenek.

Duela sei urte eginiko lanketa hark zer-nolako jarraipena izan du?
Bi urte oso indartsu izan genituen hasieran, 2016aren amaieratik 2018ra bitartean, betiere Juan Mari Uriarte donostiarraren eta Antonio Azkue zarauztarraren laguntzarekin. Lehen urte haietan motoak biltzen, konpontzen eta eraberritzen aritu ginen buru-belarri; 2018an, erakusketa egin genuen Sanz Enean; eta 2019an, dokumentala aurkeztu genuen. Ondoren, jada, kanpora joan nintzen bizitzera, baina nahi edo ez, gure sare sozialetan Derlanen erreferentea hor geratu da, eta jendeak idatzi egiten dit moto bat erosi duela esanez, ea pieza jakin bat ba ote dudan galdezka eta abar.

Egia esan, nik ez nuen halakorik espero... Beraz, beste maila batean bada ere, gure proiektuak bizirik jarraitzen du. Derlan marka ezaguna izan zen bere garaian, eta ondoren lo egon dela esan daiteke, baina eman genion bultzadari esker, berriro ere martxa hartu duela dirudi; nolabait ere, bildumazaleak moto hauen atzetik dabiltza. Azken finean, hau guztia gure lana izan da, eta oso harro gaude. Guri dagokigunez, aurrera jarrai dezala, eta ea noraino iristen den!

Zenbatu al dituzue zenbat Derlan egon daitezkeen Euskal Herrian eta Espainian?

Ekoizpen aldetik, gutxi gorabehera 1.800 moto egin zituztela esan ohi dute. Modelo ezberdin asko egin izanak bizkortu zuen Derlanen itxiera. Gaur egun zenbat moto egongo diren zenbatzea oso zaila da. Berez, zenbat matrikulatu diren ikertu daiteke, baina zazpi urte hauetako jarraipena egin eta gero, nik esango nuke 30 bat badaudela beren jabeekin, eraberritzen; horietako batzuk martxan daude, eta besteak ez. Jakina, segur aski, izango dira beste hainbat trastelekuetan edo garajeetan gordeta, eta beste batzuk, berriz, txatartegira botata. Pixkanaka agertzen joango dira ezkutuko horiek; niri, behintzat, egundoko poza ematen dit norbaitek halako berri bat ematen didanean. Nahiko nuke horiek denak kontatu, baina ez da batere erraza, elkarren artean salerosten dituztelako motoak.

Azken urteetan erakusketa dezente egin dira bertako museo eta kultur etxetan Euskal Herrian ekoitzitako ibilgailuen –bizikleta, moto, auto...– inguruan. Garaiko lantegiek utzitako ondareari balioa emateko inoiz ez da berandu?

Euskal Herrian ez gara kontziente zer-nolako indarra izan zuen ibilgailuen ekoizpenak 1950etik 1960ra. Esaterako, 42 moto marka egon ziren; hori bai, guztiak ere ez ziren aldi berean martxan egon. Derlanek, esaterako, zortzi urte iraun zituen, 1954tik 1962ra arte, eta beste batzuek gutxiago; Zarauzko Boar etxeak bi urte, esaterako. Kontuan izan behar da beste garai batzuk zirela, bestelako ilusio bat zegoela eta guztiak ezberdin funtzionatzen zuela, eta dinamika horren barruan, proiektu ugari jarri zituztela martxan. Urteak igaro ahala, beste begi batzuekin ikusten da hori guztia, eta izan zuen balioa ematen ari zaizkie orain, erakusketen bidez.

Nik Zarautzen Derlanekin egin nuen bezala, polita litzateke beste norbaitek Tolosan Lanch motoekin egitea, edo Iruñean Motos Iruñarekin. Lan asko eskatzen du, baina emaitza atsegina da. Izan ere, zortez, oraindik ere bizirik daude sasoi haietan sektorean lanean aritu ziren gizonak eta emakumeak. Oraindik ere berreskuragarria da hein batean, zeren hemendik urte batzuetara ezinezkoa izango da. Beraz, jendea animatuko nuke, garaiz gabiltzalako testigantzak jasotzeko. Azken finean, biharko hitzordua aitortza egiteko modu bat da, baina baita herriko gazteak bertan zer ekoizten zen konturatzeko abagunea ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide