Sortuk deituta, Jose Antonio Lopez Ruiz Kubati ETAko kide ohiaren aldeko batzar informatiboa eta kontzentrazioa egingo dituzte gaur Lege Zaharren Enparantzan. 19:00etan izango da hori, Bakea eta askatasuna irabaztera! lelopean.
Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra ezarri nahi die Kubatiri eta beste bost kideri "ETAko 120 ongi etorri ekitaldi" antolatzeagatik.
Carlos Garcia-Berro fiskalak erakunde kriminal baten sorrera eta zuzendaritza delitu bat egozten die -hori dela eta hiru urte eta sei hilabeteko zigorra eskatzen du-, baina baita terrorismoaren biktimen umilazio jarraitua egitea eta terrorrismoko kideen goraipatzea ere -horregatik beste bi urte eta hilabete bat eskatzen ditu Garcia Berrok-.