Bertsolari txapelketei buruzko Jon Sarasuaren hitzaldia, ikusgai

Gorka Eizagirre - Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 29a, 17:00

Bertsolari izandako Mondragon Unibertsitateko irakasle aretxabaletarrak Santa Klara komentuan plazaratu ditu haren hausnarketak eta ikusmin handia sortu du saioak.

Jon Sarasua bertsolari eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasle aretxabaletarrak Ego eta hego. Txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik hitzaldia eskaini zuen atzo, Santa Klara komentuan, ehundik gora lagunen aurrean. Bazegoen ikusmina herritarren artean Donostian hitzaldi bera eskaini zuelako aurrez eta oihartzun handia izan zuelako lehenengo hark. Hala, ez zen eserleku bakar bat ere hutsik geratu, eta bakan batzuek zutik jarraitu behar izan zuten, gainera. Hizlariak bere aldetik, emandako hitza bete zuen, eta Donostiako hitzaldi bera eskainiko zuen.

Bertsolari Txapelketako edukien azterketa soziologiko xehea egin zuen Sarasuak eta bertatik atera dituen ondorioak ere plazaratu zituen. Halaber, bertsogintzaz zer nahiko lukeen azaldu zuen hizlariak "hotz" uzten diotelako gaur egun entzuten dituen mezuek.

Bertaratuek izan zen galderak egiteko tarterik ere, eta izan zen aukera baliatu zuenik. Dena den, Xabier Euzkitze aurkezleak bota zizkion gehienak, eta Sarasuak zorrotz erantzun zituen guztiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide